Edukira joan

Zipreko gatazka

Wikipedia, Entziklopedia askea

Zipreko gatazka
Zipreko uhartearen satelite bidezko irudia
DataXIX. mendea - gaur egun
LekuaZipreko uhartea
EgoeraKonponbide bila
Gudulariak
Zipreko Errepublikako bandera
Zipreko Errepublika

Grezia Grezia
Europar Batasuna Europar Batasuna
Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako bandera
Ipar Zipreko Turkiar Errepublika

Turkia Turkia
XX. mendean Erresuma Batuak ere bete-betean parte hartu zuen gatazkan.

Zipreko gatazka XIX. mendean hasi eta gaur egun arte dirauen gatazka etniko eta politikoa da[1]. Zipre uharteko bi komunitate nagusiak ditu protagonista (greko-zipretarrak eta turko-zipretarrak) eta liskarrak sortu dituzten arazo korapilatsuenak estatuaren eraketa, botere banaketa eta 1974ko turkiar inbasioak eta okupazioak eragindako kalteak dira[2]. Auzian garrantzi handia duten beste aktore batzuk ere badira, hala nola, Grezia, Turkia, Erresuma Batua, Nazio Batuen Erakundea eta, azken urteotan, Europar Batasuna[3][4].

Gatazka Otomandar Inperioaren eta Britainiar Inperioaren aurkako askapen borrokarekin hasi zen. XX. mendearen hasieran greziar biztanleen helburu nagusia Enosisa gauzatzea zen, hau da, Zipre Greziarekin bat egitea. Horretarako, aurretik Kretak, Joniako uharteek eta Dodekanesok egin zuten bezala, greko-zipretarrek kanpoko agintearen kontra egin zuten[1]. Hala ere, gatazka berehala bihurtu zen Zipreko bi komunitate nagusien arteko borroka, batez ere 1960an uharteak independentzia lortu zuenetik aurrera.

1974an inflexio-puntua iritsi zen, estatu-kolpearen ondoren Turkiak uhartearen iparraldeko zatia indarrez bereganatu zuenean. 24 egunetan turkiarrak uhartearen %36,2ren kontrola izatera pasa ziren[5]. Okupatutako lurraldeko biztanleen %82 greko-zipretarrak ziren, baina homogeneotasun etnikoa lortzeko asmoz turkiarrek hegoaldera kanporatu zituzten[6]. Turkiak aurrera eraman zuen garbiketa etnikoak 180.000-160.000 errefuxiatu utzi zituen eta uhartea bi zatitan banatuta gelditu zen[7][8]. 1983an Ipar Zipreko Turkiar Errepublikak independentzia aldarrikatu zuen, Turkiak baino onartzen ez duena[2]; izan ere, nazioartean Zipreko Errepublika jotzen da uharte osoaren de iure jabetzat, nahiz eta de facto iparraldea Turkiaren okupazioaren mende egon. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera, Ipar Zipre Turkiaren estatu txotxongiloa da[9][10].

Zipreko komunitateen arteko liskarrak konpontzeko eta gatazkari irtenbide politikoa emateko saiakera ugari egin dira, horien artean nabarmenenak Nazio Batuen Erakundearen eskutik iritsi dira. Hala ere, elkarrizketa eta proposamen guztiek oraingoz porrot egin dute[11]. Helburua lortzetik gertuen gelditu zena Annan Plana izan zen, baina 2004an ospatu zen erreferendumean greko-zipretarrek ezezkoa eman zioten[1]. Gaur egun bi aldeen arteko harremana epelagoa da eta uhartearen zatiketari eta gatazkari irtenbidea emateko elkarrizketek aurrera jarraitzen dute[12].

Zipreko gatazka XIX. mendean hasi eta gaur egun arte dirauen gatazka politikoa da. Protagonistak uharteko biztanleak dira, bi komunitate nagusitan banatzen direnak: greko-zipretarrak eta turko-zipretarrak. Dena den, badira auzian garrantzi handia duten beste aktore batzuk ere: Grezia, Turkia, Erresuma Batua, Nazio Batuen Erakundea eta, azken urteotan, Europar Batasuna[4].

1920ko Sèvresko Itunean Greziak lortu zuen lurraldea gorriz.

Gatazka ulertzeko beharrezkoak diren kontzeptuak[1]:

Zipreko gatazkak, baina, bilakaera historiko nabarmena izan du. Hasiera batean Otomandar Inperioaren eta Britainiar Inperioaren aurkako askapen borroka izan zena berehala bihurtu zen bi komunitateen arteko gatazka (batik bat 1960an Ziprek independentzia lortu ostean)[1]. Izan ere, zipretar nazionalismoa ez da inoiz ideologia nagusia izan herritarren artean eta urteetan zehar helburu politikoak aldatu badira ere, batzuek Greziarekin eta gainontzeko greziarrekin identifikatzera jo dute eta besteek, aldiz, Turkiarekin eta hango turkiarrekin[4]. Arreta gaur egun uhartearen bateratzean eta bi komunitateen arteko adiskidetzean jartzen da, nazioartean Zipreko Errepublika uharte osoaren de iure jabea den arren, iparraldea de facto Turkiaren okupazioaren eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublikaren administrazioaren mende dago eta[9].

Taksimaren aldeko grafitia Nikosiako kalean (1950eko hamarkada bukaera).

Hurrengoak dira, hain zuzen ere, bi komunitate nagusien artean liskarrak sortu dituzten arazoak. Alde batetik, arazo historikoak:

  • Greziarekin bat egitea: Zipreko greziarren helburu politiko nagusia Greziarekin bat egitea izan da, aurretik Kretak, Joniako uharteek eta Dodekanesok egin zuten bezala. Enosis izeneko mugimenduak jarraitzaile ugari izan ditu, dena den, turkiarren ezezko irmoak greziarren nahia apaldu du[14].
  • Turkiarren segurtasuna: Otomandar Inperioak Zipretik alde egin zuenetik turkiarrak gutxiengo izan dira uhartean (%20 inguru) eta horren ondorioz euren bizimodua kolokan ikusi izan dute. Turkiarren beldur nagusia greko-zipretarrek agintea bereganatu eta euren eskubideak zapaltzea edota Zipretik kanpora bidaltzea izan da. Horregatik egin zuten, esate baterako, independentziaren aurka Zipreren askapen borrokan. Turkiako Errepublikak, bestalde, ezkutuko laguntza eta babesa eman zien, harik eta 1974. urtean Zipre indarrez hartzea erabaki zuen arte.
  • Botere banaketa: 1960. urtean independentzia lortu ostean, herrialde jaioberriaren agintea banatzen saiatu ziren bi komunitate nagusien artean. Akordioak konstituzioan azaldu ziren[16][17]: bi hizkuntza ofizial, greko-zipretar presidentea eta turko-zipretar presidenteordea, zazpi-hiruko ratioa Ordezkarien Etxean eta gobernuan, beto eskubidea bi komunitateentzat... Dena den, adostasunak ez zuen luze iraun. Arazoak udalerrien antolamenduan (turkiarrek herri mistoetan udalerri bereiziak sortzea eskatzen zuten; greziarrek, aldiz, udalerri bakarra sortzea), zergen ordainketan (turkiarrek zergen %6 baino ez zuten ordaintzen) eta lanpostuen banaketan (gobernuko lanpostuen %30 eta segurtasun nazionalekoen %40 turkiarren esku zeuden) agertu ziren[18].
  • Uhartearen banaketa: Zipreko turkiarren helburu politiko nagusia uhartea bi zatitan banatzea izan da, hau da, Taksima gauzatzea[15]. Turkiarrek ez zuten greko-zipretar gehiengoaren mende egon nahi eta independentzia lortu zenean, turko-zipretarrez soilik osatutako lurralde propioa aldarrikatzen hasi ziren. Eskakizuna, hala ere, oso arazotsua zen, greziarrak eta turkiarrak elkarrekin bizi zirelako Zipren, uharte osoan zehar nahastuta. Beraz, bi komunitateen artean lurraldea banatzeak herritar asko euren etxeetatik bidaltzea eskatzen zuen. Banaketa, baina, 1974. urtean eman zen, Turkiak uhartea indarrez hartu eta lurraldearen %36,2ren kontrola bereganatu zuenean[5]. Iparraldeko lurretako biztanleen %82 greziarrak ziren arren, turkiar soldaduek bertatik bota eta hegoaldera bidali zituzten[6]. Taksimak okupatutako lurraldearen garbiketa etnikoa ekarri zuen eta 180.000-160.000 greko-zipretar errefuxiatu utzi zituen[7][8].
Nazio Batuen patruila bat Agia Marina greko-zipretar eliza ortodoxoaren inguruan (2009).

Bestetik, Turkiako Errepublikaren 1974ko esku-hartzearen eta okupazioaren ondoren sortu diren auziak[7]:

  • Desmilitarizazioa: Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek eta nazioarteko bitartekariek uharteko indar armatuak desmobilizatzeko eskaera egiten dute, izan ere, Zipre da biztanleko indar armatu kopuru altuena duen Europar Batasuneko herrialdea[19]. Soldaduskak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du, baina Annan Planaz geroztik instrukzioaren aurkako intsumisioa nabarmen igo da greko-zipretarren artean[20]. Datuen arabera, Zipreko Guardia Nazionalak 10 mila kide ditu (beste 50 mila erreserban)[21], hala ere, ez da uhartean dagoen indar armatu bakarra; Turkiar Armadak 40 mila soldadu baino gehiago ditu Zipren (Zipreko Bake Indarren Turkiar Komandoa), britainiar indarrek 3.500 kide dituzte Akrotiri eta Dhekelia eremuan (Zipreko Britainiar Indarrak)[22], NBEren indarrak (UNFICYP) mila inguru dira eta Greziako Armadak, azkenik, beste mila kide ditu (Zipreko Greziar Indarrak)[23]. Greko-zipretarrek hedapen militarra eta kanpoko herrialdeen esku-sartzea gaitzesten dute; turko-zipretarrek, aldiz, euren segurtasuna bermatzeko turkiar indarrak beharrezkoak direla deritzote.
  • Botere banaketa: 1974. urtetik uhartea bateratzeko egin diren proposamenetan komunitate nagusien artean boterea banatzeko saiakerak egin dira. Negoziazio horietan egitura politiko berriaren izatea izan da gatazka handienak sortu dituena: herrialde bateratua, federala, bi estatuk osatutako federazio malgua... Hain zuzen, parlamentuen eta indar banaketen akordioak gertu egon diren bitartean, lurralde banaketa izan da korapilo potoloenak sortu dituena. Alde batetik, turko-zipretarrek uhartea bi administraziotan edo herrialdetan banatzea eskatzen dute; greko-zipretarrek (batik bat errefuxiatuek), bestetik, ez diote uhartearen iparraldeko lurraldera bueltatzeko nahiari uko egiten[24].
  • Errefuxiatuen lur jabetzak: Turkiako Armada uhartean indarrez sartu eta iparraldean garbiketa etnikoa burutu zuenetik 180.000-160.000 errefuxiatu greko-zipretar (eta horien ondorengoak) euren etxe eta jabetzetatik urrun bizi izan dira[7][8]; Famagusta hirian, esate baterako, biztanleen %68k ondasunak atzean utzi behar izan zituen. Hala, uhartea bateratzeko egin diren ahaleginetan, Zipreko Errepublikak errefuxiatuen eskubideen aldeko aldarria egin izan du eta euren jabetzak bueltatzeko edo konpentsazioak emateko proposamenak egin ditu. Turkiar aldeak, aldiz, 1974 aurreko egoera berrezartzea edo kalte-ordainak banatzea ezinezkoa dela argudiatzen du.
Zipreko jantzi tradizionalak (1873).
  • Turkiar kolonoak: Ipar Zipren bizi diren Turkiar Errepublikako biztanleen kopurua zehaztea arazotsua da, nahiz eta greko-zipretarrek behin eta berriz salatu duten Turkiak okupatutako lurraldera turkiar kolono ugari bizitzera joan dela[25]. Kokatze horiek nazioarteko zuzenbidearen aurka egin dira eta greziarrak kexu dira uhartearen banaketa etnikoa desitxuratzen dutelako. Datuen dantza nabarmena da, alde bakoitzaren interesen araberakoa, baina kolonoen kopurua 40.000 eta 150.000 artean dagoela uste da. Nazioarteko bitartekariek greko-zipretarren kezkak aintzat hartu izan dituzten arren, auzi horren inguruko erabaki bat hartzea legalki eta moralki arazotsua dela uste dute (kolono horietako asko uhartean jaio eta hazi diren zipretarrak dira gaur egun).

Azkenik, Demografia zientzia garrantzitsua izan da gatazkaren bilakaeran, batez ere zipretarren banaketa etnikoa zehazterakoan. K.a. XI. mende inguruan mizenastarrak iristen hasi zirenetik uharteak etenik gabeko greziar presentzia eta nagusitasuna izan du. Turkiarrak, aldiz, Otomandar Inperioaren konkistarekin batera iristen hasi ziren XVI. mendearen amaieran, soldaduei eta euren familiei bertan iraunkorki gelditzeko lur kontzesioak eman zizkietenean. Hala, XVII. mendean zehar turkiar herritarren kopurua azkar hazi zen, baita Inperio berriaren baitan aurrera egiteko islamera aldatu zen greziarren kopurua ere. Azken bi mendeetan kopuru aldetik aldaketa handirik eman ez den arren, Turkiak 1974an garbiketa etnikoa burutu zuen uhartearen iparraldean eta bertan bizi ziren greziarrak (okupatutako lurraldeetako biztanleen %82) hegoaldera kanporatu zituzten[6]. Gaur egun kopuruek eragin handia izaten jarraitzen dute komunitateen arteko botere harremanetan eta aldagai berriek (turkiar kolonoak) ere liskarrak sortzen dituzte.

Hurrengoa 1881. eta 1960. urteen artean uharteko biztanleen banaketa etnikoa azaltzen duen taula da:

Zipreko biztanleak etniaren arabera (1881–1960)[26]
Etnia 1881 1891 1901 1911 1921 1931 1946 1960
Kopurua % Kopurua % Kopurua % Kopurua % Kopurua % Kopurua % Kopurua % Kopurua %
Greziarrak 137.631 73,9 158.585 75,8 182.739 77,1 214.480 78,2 244.887 78,8 276.572 79,5 361.199 80,2 442.363 77,1
Turkiarrak 45.458 24,4 47.926 22,9 51.309 21,6 56.428 20,6 61.339 19,7 64.238 18,5 80.548 17,9 104.333 18,2
Armeniarrak 174 0,1 280 0,1 517 0,2 558 0,2 1.197 0,4 3.377 1 3.686 0,8 3.630
Maronitak 830 0,4 1.131 0,5 1.130 0,5 1.073 1.350 1.704 2.083 2.752
Beste b. 1.738 0,9 1.364 0,7 1.327 0,6 1.569 1.942 2.068 2.598 20.488
Guztira 186.173 209.286 237.022 274.108 310.715 347.959 450.114 573.566
Oharrak: 1881 aurretik otomandarrek zergak biltzeko herritarren erregistroa zeramaten arren, adituek uste dute bertako datuak ez direla uhartearen orduko errealitatearen isla[27].

Erresuma Batuaren baseak kenduta, Zipreko Errepublika uharte osoaren de iure jabea da, hala ere, gaur egun ez du baliabiderik Zipre osoko errolda bateratua egiteko. Nazio Batuen Erakundearen 2021eko estimazioen arabera, 1,21 milioi herritar inguru bizi dira uhartean: 900 mila Zipreko Errepublikan (%74), 310 mila Ipar Zipreko Turkiar Errepublikan (%25) eta 1,8 mila Akrotiri eta Dhekelia eremuan (%1).

Piri Reis nabigatzailearen XVI. mendeko mapa.

Bilakaera historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko historia»

Zipreko gizakien arrasto zaharrenak K.a. 8800-8600 artekoak dira[28]. Khirokitia da uharteko aztarnategi arkeologiko nagusienetakoa eta K.a. 4000. urtera arte biztanleak izan zituela uste da[29]. Zipretarrek Asia Txikiarekin etengabeko harremana izango zutela uste dute adituek, aztarnen artean bertako berrikuntza ugari topatu baitira. Brontze Aroan, bestalde, uhartea hititen esku egon zen urte luzez, Ugariteko Erresumaren mende hain zuzen. Hala ere, zipretarrek erresuma propioa ere izan zutela uste da (Alashiya). Merkataritzari esker Antzinako Egiptoko zibilizazioarekin eta ekialdeko Mediterraneoko beste herriekin ere harreman estua izan zuten garai hartan[30][31].

Zipretarrek K.a. IV. mendera arte iraun zuen hizkuntza izan zuten (eteoziprera)[32][33], baina K.a. XI. mende inguruan mizenastarrak iristen hasi zirenetik uharteak etenik gabeko greziar presentzia izan du[34]. Hizkuntza propioa pixkanaka antzinako grezierak ordezkatu zuen. Hain zuzen, uhartearen kokalekua estrategikoa zenez, greziar eta feniziar kolonia ugari sortu ziren (besteak beste, Idalion, Kition, Kourion, Pafos, Salamina eta Tamasos) eta herri askoren konkista bihurtu zen. K.a. VIII. mendetik Zipre asiriarren, egiptoarren eta persiarren mende egon zen[35][31].

K.a. IV. mendean Alexandro Handiak uhartea bereganatu zuen eta horrekin batera helenizazio prozesua bizkortu zen; K.a. 58. urtera arte Ptolomeotar Egiptoren esku egongo zen[31]. Urte horretan erromatarrek konkistatu eta Inperioko probintzia bihurtu zuten. Kristautasunak hasieratik bertatik izan zuen presentzia nabarmena uhartean. Paulok, Bernabek eta Markok Zipre bisitatu omen zuten lehenengo misioetan eta bigarrenak Zipreko Eliza bera sortuko zuen[31]. Gainera, K.o. I. mendean Sergius Paulus uharteko prokontsul izendatu zutenean, Zipreko probintzia agintari kristau batek gobernatzen zuen munduko lehen lurraldea bihurtu zen[36].

K.o. II. mendean eraiki zen Pafosko odeoia.

Erromatar Inperioaren banaketan uhartea Ekialdeko Inperioaren barnean gelditu zen. 649. urtean Muawiyah I.aren gidaritzapean Omeiatar Kalifa-herriak Zipre bereganatu zuen eta 668an bizantziarrek eta arabiarrek kondominio bihurtzea erabaki zuten. 300 urteren ostean bizantziar tropek uhartea berreskuratuko zuten X. mendean[31][37]. Hala ere, ez zen luzerako izango. Lehenengo Gurutzadan Rikardo Lehoibihotzak Zipre bereganatu eta Zaldun tenplarioei saldu zien; 1192. urtetik aurrera uhartea Guy Lusignangoaren eta bere leinuaren mende egongo zen (Zipreko Erresuma). Mamelukoek 1291ko setioan Akre hiria eskuratu ostean, uhartea europarren merkataritza-gune garrantzitsuena bihurtu zen Afrikarekin eta Asiarekin tratuak egiteko[38]. 1489ko otsailean, Zipreko azken erreginak, Katalina Cornarok uhartea Veneziako Errepublikari saldu zion[39].

1571. urtean Otomandar Inperioak Zipre konkistatu zien veneziarrei[37]. Turkiarren aginteak aldaketa handi bat ekarriko zuen uhartera, Inperioak soldaduei eta euren familiei bertan iraunkorki gelditzeko lur kontzesioak eman baitzizkien[40][41]. Feniziarren garaitik bertan gelditzeko asmo gutxi erakutsi zuten merkatariek baino ez zuten ezbaian jarri greziarren nagusitasuna, baina XVI. mendean bertan bizitzen geldituko ziren turkiarrak iristen hasi ziren. Zipretarren banaketa etnikoak aldagai berria zuen. XVII. mendean zehar turkiar herritarren kopurua azkar hazi zen, baita Inperio berriaren baitan aurrera egiteko islamera aldatu zen greziarren kopurua ere. Beraz, otomandarren mende egondako hiru mendeetan zehar bi taldeen arteko bereizketa eman zen, bai erlijioagatik, bai hizkuntzagatik[42].

Greziako Independentzia Gerra (1821-1829) gertatu zenean, Zipreko greziar askok otomandarren agintetik askatu eta Greziarekin bat egiteko aukera ikusi zuten (Ideia Handia). Zipretarrek ezkutuko laguntza eman zioten Greziari eta, ondorioz, Küçük Pasha uharteko gobernariaren erantzuna bortitza izan zen. 1821eko uztailaren 9an gizartean eragin handia zuten 470 bat greko-zipretar hilarazi zituen, tartean Zipreko Kyprianos artzapezpikua eta Pafosko Khrysanthos, Kitiongo Meletios eta Kireniako Lavrentios apezpikuak. Hurrengo egunean otomandarrek Zipreko monasterioetako abade eta monje guztiak exekutatu eta herrietako greziar buruzagi guztiak espetxeratu zituzten (uztailean zehar guztiak hilko zituzten). 1821. urtean turkiar soldaduek bi mila greko-zipretar baino gehiago hil eta 62 herri erabat desagerrarazi zituzten[43].

Otomandarrek 1571. urtean Famagustako San Nikolas katedrala meskita bihurtu zuten (2017).

Herritarren hilketak eragin handia izan zuen zipretarrengan eta otomandarren agintearen azken urteak gainbehera urteak izan ziren. 1869. urtean, baina, Suezko kanala ireki zen Egipton eta Zipreren kokaleku estrategikoaren ondorioz, Erresuma Batuak gero eta interes handiagoa erakutsi zuen uhartean[44]. Errusiarrek otomandarrak 1877-78ko gerran garaitu zituztenean, Abdulhamid II.aren inperioa kolokan jarri zen eta Zipre babesteko asmoz, sultanak uhartea Britainiar Inperioaren esku uztea erabaki zuen; Zipreko hitzarmena 1878ko ekainaren 4an sinatu zen[45].

Britainiarren agindupean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Britainiar Zipre»

Lehenengo urteak: 1878-1925

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreko hitzarmenaren ondorioz, uhartea Britainiar Inperioaren protektoratu bihurtu zen 1878ko ekainaren 4an[45]. Toki estrategikoa zen britainiarrentzat, beren ibilbide kolonialak kontrolatzeko kokaleku ezin hobea baitzen; hain zuzen ere, 1906an Famagustako itsas-portu garrantzitsua eraiki zuten Indiarako bidean Suezko kanala zaintzeko asmoz. Dena den, Otomandar Inperioak Zipreren gaineko kontrola izaten jarraituko zuen urte luzez[46].

Zipretarrek itxaropenez eman zioten ongietorria britainiarren nagusitasunari, izan ere, otomandarren mendeetako utzikeria amaituko zela eta uhartearen modernizazioan aurrerapausoak emango zirela uste zuten. Zipreko greziarrei, gainera, britainiarrek askapen nazionala lortzen lagunduko zietela iruditzen zitzaien. 1878ko uztailaren 22an, Garnet Wolseley goi-komisarioa uhartera iritsi zenean, Kitiongo Kyprianos gotzainak hurrengo agurra egin zion Larnakan: "Guk (Zipreko greziarrek) gobernu-aldaketa onartu dugu, Britainia Handiak, Joniako uharteekin egin duen bezala, Zipre ama Greziarekin elkartzen lagunduko digula uste dugulako"[47]. Britainia Handiko agintariek 1881ean egin zuten lehen erroldaren arabera, uhartean guztira 186.173 herritar bizi ziren; horietatik 137.631 (%73,9) greziarrak ziren, 45.438 (%24,4) turkiarrak eta gainontzeko 3.084ak (%1,7) beste komunitate batzuetako kideak (batik bat, maronitak, latinoak eta armeniarrak)[26].

Britainiar banderaren igoera Nikosian (1878).

Hasiera batean begi onez hartutakoak, baina, ez zuen egoera gehiegi aldatu. Britainiarrek dirutza ordaintzen zioten otomandar sultanari uhartea eman izanaren truke eta salneurria ordaintzeko zerga handiak ezarri zizkieten herritarrei. Bestalde, zipretarrek ez zuten uhartearen administrazioan parte hartzeko eskubiderik jaso eta botere guztiak goi-komisarioaren eta Londresen esku gelditu ziren.

Botere banaketa horrek Lehen Mundu Gerrara arte iraun zuen, otomandarrak Erdialdeko Inperioei batu zitzaizkien arte. Lerrokatze horren ondorioz, Otomandar Inperioa Britainia Handiaren etsai bihurtu zen eta horrek uhartearen anexioa guztiz gauzatzea ekarri zuen. 1914ko azaroaren 5ean britainiarrek administrazio militar bat ezarri zuten eta Ziprek Otomandar Inperioaren parte izateari utzi zion ia 350 urteren ostean[46][48].

Lehen Mundu Gerraren baitan uhartea ez zen gudu-zelai izan, baina protagonismo nabarmena izan zuen[48]. 1915. urtean britainiarrek Zipreren jabetza eskaini zioten Greziako Erresumari gerran beraien alde sartzearen truke. Ez zen lehen aldia izan eskaintza hori egiten zena, 1912an ere egin baitzen Argostoli portuaren truke, baina oraingo horretan Ideia Handia gauzatzeko aukera ezin hobea zen greziarrentzat eta Eleuterios Venizelos Lehen Ministroa eskaintza onartzearen alde zegoen arren, Konstantino I.ak muzin egitea erabaki zuen[49]. Erregeak ez zuen Bulgariako Erresumaren kontra borroka egin nahi. Hala eta guztiz ere, azkenean Grezia 1917ko udan sartuko zen bete-betean Lehen Mundu Gerran[50].

1920an Otomandar Inperioaren eta Lehen Mundu Gerrako aliatuen arteko Sèvresko Itunean sultanak formalki onartu zuen Britainia Handiaren subiranotasuna Zipren. Hiru urte beranduago, 1923an, Lausanako Itunean, Turkiako Errepublika jaioberriak ere onarpena berretsiko zuen[51].

Zipreko herritarrak Galini herrian (1927-1931).

XX. mendearen hasiera horietan Greziaren eta Turkiaren arteko borroketatik aparte gelditu zen Zipre[48]. Britainiar Inperioaren lurraldea izanik, greko-turkiar gerrak eta biztanle trukeak ez zuten eraginik izan uhartean[52][53]. Hala ere, Ideia Handiak eta Enosisak jarraitzaileak erakartzen zituzten Zipreko greziarren artean[1]. 1925. urtean, azkenik, Britainia Handiak Zipre Koroaren kolonia izendatu zuen eta konstituzio antidemokratiko bat ezarri zuen bertan[54].

Enosisaren aldeko lehen saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «1931ko Zipreko matxinada»

1920ko hamarkadan kolonia berriaren administrazioa eraberritu zen. Kontseilu Legegilea ezarri zen 1926. urtean, zeinetan zipretarrek beraiek zenbait ordezkari aukeratu zitzaketen. Hala ere, aldaketek ez zuten izan aurreikusitako arrakasta eta herritarren parte-hartzea oso eskasa izan zen[54].

Bestalde, greko-zipretarrek uhartea Greziarekin batzeko aukera ezin hobea zela uste zuten. Otomandar Inperioaren kolapsoaren ostean, Egeoko eta Joniako uharte gehienak greziarren esku gelditu ziren eta Ziprek bide berbera egin zezakeela iruditzen zitzaien. Britainiarrak, aldiz, ez zeuden euren subiranotasuna musu-truk galtzeko prest. Administrazio kolonialak ezezkoarekin erantzun zien herritarren eskakizunei eta elkarbizitza gaiztotzen hasi zen[46]. 1928an, Britainiar Inperioaren jabetzaren 15. urteurrena ospatzen ari zenean, Zipreko greziarrek ospakizunetan parte hartzeari uko egin zioten. Greziako Errepublika bien bitartean egoera baretzen saiatu zen eta britainiarren aurkako artikuluak mugatu zituen Zipreko egunkarietan[55].

Nikosiako Armeniar auzoko irudia 1930eko hamarkadan.

Administrazio kolonialak aldaketak egin zituen egoera bideratu nahian: tortura onartzen zen zigor kode berria ezarri zuen, hezkuntza lege berrian greziarren eragina murriztu zuen eta Zipreko Elizaren boterea ahultzen saiatu zen (azken urteetan Eliza Ortodoxoa bihurtu zen greziar nazionalismoaren aldeko indar nagusi komunistekin batera). Alabaina, 1929an Kontseilu Legegileko kideak ziren Kitiongo Nikodemos artzapezpikuak eta Stavros Stavrinakisek Londresera joatea erabaki zuten euren eskaerak aurkeztera[56]. Besteak beste, kexu ziren britainiarrek ez zituztelako Maltako eta Egiptoko kolonietan egindako aurrerapenak egin Zipren eta Lord Passfield kolonietako sekretarioari Enosisa gauzatzeko memoranduma aurkeztu zioten. Erantzuna beste behin ezezkoa izan zen[46].

1931ko urrian zipretarren lehen matxinada gertatu zen: 1931ko Zipreko matxinada edo Oktovriana izenekoa. Irailean Ronald Storrs gobernariak Kontseilu Legegileak hartutako erabaki bat atzera bota zuen eta ondorioz, batzarreko zipretar ordezkariak haserre euren postuak utzi zituzten. Egoera lehertu zen. Urriaren 18an Kitiongo Nikodemos artzapezpikuak herritarrei kalera ateratzeko eta Enosisa gauzatu arte desobedientzia zibileko ekitzak burutzeko eskatu zien. Nikosiako kaleak jendez bete ziren urriaren 21ean. Manifestaldietan Enosisaren aldeko esloganak oihukatzen ziren eta britainiarren Gobernu Etxearen aurrean harriak botatzen hasi ziren[54]. Hiru orduko ekintzen ostean, eraikinak su hartu zuen eta protestariak bortizki sakabanatu zituzten. Uharte osoan zehar matxinoek beste ekintza arinago batzuk ere egin zituzten; esate baterako, britainiar ikurrak kendu eta horien ordez Greziako banderak jarri zituzten. Ordena azaroaren hasieran berrezarri zen. Britainiarrek Greziako Errepublikak Nikosian zuen abokatua jo zuten matxinadaren errudun nagusitzat, Alexis Kyrou[57]. Abokatuak ez zuen Atenasko agintarien mandatua bete eta Ziprera iritsi zenetik administrazio kolonialaren aurkako oposizioa batzeaz arduratu zela egotzi zioten. Kaltetuen kopurua, bestetik, esanguratsua izan zen: 7 protestari hil eta beste 30 zauritu zituzten liskarretan, agintariek 10 zipretar erbesteratu zituzten eta beste 2.606ri zigorrak jarri zizkieten[46].

Matxinadako protesten aurrean britainiarren erantzuna murrizketak ezartzea izan zen. Besteak beste, Kontseilu Legegilea deuseztatzea erabaki zuten, martxan zen konstituzioa eta udal hauteskundeak bertan behera gelditu ziren, eta uharteko indar militarra ugaritu zuten[58][59]. Era berean, Zipreko turkiarrek osatutako polizia indar berezia sortu zuten, prentsa- eta bilera-askatasunei mugak jarri zizkieten, eta alderdi politikoak, atzerriko ikurrak eta Enosisaren aldeko propaganda oro debekatu zuten[60][61]. Neurri horiekin Zipreko Elizaren eta komunisten eragina ahuldu nahi izan zuten. 1931ko matxinadaren ondoren iritsi zen eta Bigarren Mundu Gerrara arte iraun zuen aginte autokratikoak "Palmerokrazia" izena jasotzen du Zipreko historian, Richmond Palmer gobernariaren deiturengatik.

Enosisaren aldeko manifestazioa 1930eko hamarkadan.

Enosisaren aldeko bigarren saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Murrizketak murrizketa, Greziarekin batzearen aldeko mugimenduak bizirik iraun zuen. Hala ere, 1940ko hamarkadan arreta Bigarren Mundu Gerrak bereganatu zuen. 30.000 zipretar inguruk borroka egin zuen britainiarren alde eta gerra amaitu zenean, giroa lasaitu zenez, Britainiar Gobernuak debekuak arintzea erabaki zuen[54].

Administrazio kolonialak kontsultarako batzar bat osatzeko baimena eman zien zipretarrei 1946an, horren bitartez konstituzio berri bat osatzeko. Era berean, 1931n erbesteratutako herritarrei itzultzen utzi zien. Hala ere, proposamenen artean ez zen Enosisaren aldeko urratsik ematen eta Zipreko greziarrek albiste hobeak espero zituztenez, haserre erantzun zioten britainiarren eskaintzari. Euren helburu politiko bakarra Greziarekin bat egitea zen. Horrenbestez, kontsultarako batzarra osatzeari muzin egin zioten. Eliza Ortodoxoa, baina, ez zen egoera aldatzearen alde zegoen alderdi bakarra, Langile Herriaren Alderdi Progresistako (AKEL) komunistek ere greziarren helburu nazionala babesten baitzuten[55].

Gatazka nazioartean zabaltzen hasi zen. 1948an Greziako Paulo erregeak Ziprek bere herrialdearekin batu nahi zuela aldarrikatu zuen[62] eta bide hori jarraitu nahian, Zipreko Elizak Enosisari buruzko erreferenduma antolatzea erabaki zuen 1950. urtean. Galdeketan greko-zipretarrek bakarrik parte hartu zuten arren, botoen %95,71k babesa eman zion Greziarekin bat egiteari[63]. Britainiarrak, bestalde, Egiptoko Erresuma galtzear ziren eta ez zeuden Ekialdeko Hurbileko beste jabetza bat galtzeko prest. Zipretarrei konstituzio liberalagoa adosteko proposamena egin zieten, baita aurrerapen sozial eta ekonomikoa ekarriko zuen 10 urteko programa bat ere. Greko-zipretarrek, baina, ez zuten amore eman nahi izan.

Inflexio-puntua 1950. urtean iritsiko zen, Kitiongo Apezpikua Zipreko Artzapezpiku nagusi izendatu zutenean. Makarios III.ak herritarrei zuzenean egin zien lehenengo hitzaldian Zipre Greziarekin batu arte atsedenik ez hartzeko eskatu zien[64]. Atenas hiriburuan ere Enosisa ohiko mintzagaia zen eta bertan bizi zen Georgios Grivas greko-zipretar koronelaren ospea handitzen hasi zen[57]. Grivasek sutsuki hitz egiten zuen esku-hartze militarraren alde eta egoera zuzenean ezagutzeko asmoz 1951ko uztailean uhartera joatea erabaki zuen. Makarios III.arekin berarekin hitzordua izan zuen, baina elkarrizketan bi buruzagien arteko desadostasunak agerian gelditu ziren. Artzapezpikuak irtenbide politikoa bilatzen zuen artean, koronelak britainiarren aurka egiteko iraultza armatuaren aldeko babesa nahi zuen[46].

Grivasen eta bere jarraitzaileen muturreko joera baretzeko asmoz, Makarios artzapezpikuak ahalegin diplomatikoak egiten jarraitu zuen. Nazio Batuen Erakundeko Greziako ordezkariak zipretarren erabakitzeko eskubidearen aldeko eskaera formala egin zuen 1954ko abuztuaren 16an eta Enosisa nazioarteko gai bihurtu zen NBEk eskaera hori onartzea erabaki zuenean[65]. Turkian, aldiz, alarmak piztu ziren. Turko-zipretarrak gutxiengo ziren uhartean eta Ankarako gobernuak ez zituen Greziaren mende utzi nahi. Britainiarrekin, behintzat, babestuta egongo zirela uste zuen. Gatazkak herrialdearen interesa bereganatu zuen eta erakunde ugari sortu ziren Zipreko turkiarren borrokaren alde, besteak beste, Ikasleen Federazio Nazionala, Turkiarren Eskubideen Aldeko Defentsa Batzordea, Traziako Errefuxiatuen Ongizate Erakundea eta Zipreko Turkiarren Elkartea. Elkarte horien helburu nagusia (hasiera batean ez horrenbeste turko-zipretarrena) Taksima gauzatzea zen, hau da, uhartea bitan banatzea: greziar zatian eta turkiar zatian[66].

Britainiar soldadua EOKAren jarraitzaileak sakabanatzen Nikosiako kaleetan (1956).

1954ko udazkenean afera gaiztotu egin zen. Egipto galdu ostean, britainiarrek Ekialde Hurbileko komandante buruaren bulegoa eta kuartel militarra Sueztik Ziprera pasako zutela iragarri zuten[54]. Gainera, gobernu kolonialak argitaletxeei mehatxu egin zien: sedizioa bultzatzen zuten lanak argitaratuz gero, bi urteko kartzela zigorra ezarriko zieten. Nazio Batuen Batzar Nagusiak, bestalde, Turkiaren erantzuna hausnartu eta tarte batez arazoari buruzko adierazpenik ez egitea erabaki zuen, Zipreko gatazkan ebazpenak egitea egokia ez zelakoan. Udazkeneko gertaeren eta abenduko jakinarazpen horren erantzuna berehalakoa izan zen: Zipreko greziarrak kalera atera eta istilu larriak izan ziren, 1931tik uhartean gertatzen ziren bortitzenak[57].

Zipre askatzeko borroka: 1955-1959

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipre askatzeko borroka»

Giro nahasi horretan, Georgios Grivasek Zipretar Borrokalarien Erakunde Nazionala (Ethniki Organosis Kyprion Agoniston – EOKA) sortu zuen 1955eko urtarrilean. Apirilaren 1ean erakundeak borroka armatua hasi zuen britainiar indarren aurka: poliziaren, militarren eta gobernuaren instalazioen kontrako erasoak egin zituen Nikosian, Famagustan, Larnakan eta Limasolen[57][67][68]. Matxinatuek, guztira, 457 pertsona hil zituzten, horien artean britainiar poliziak, militarrak eta gobernu kolonialaren kolaboratzailetzat jo zituzten zenbait greko-zipretar (besteak beste AKEL alderdi komunistako kideak). Aginte koloniala ezbaian jartzen hasi zen[54]. Makarios artzapezpikua eta beste elizgizon eta politikari batzuk Seychelle uharteetara bidali zituzten, baina zipretarrak administrazioaren aparatuetan infiltratuta zeuden. Hala, turko-zipretarrak bihurtu ziren bertako indarren sostengu nagusi eta horrek komunitateen arteko arrakala handitu zuen[46]. 1957an Zipreko turkiarren organizazio paramilitarra sortu zen: Turkiar Erresistentzia Erakundea (Türk Mukavemet Teşkilatı – TMT). Erakunde berria turko-zipretarren interesak eta nortasuna defendatzeko sortu zen eta Turkiako Errepublikaren babesa jaso zuen. Nahiz eta EOKAk turko-zipretarren kontrako erasorik ez burutu, TMTek geroz eta gertuago zirudien Enosisaren aurka egin nahi zuen eta euren helburu nagusia Taksima edo banaketa bihurtu zen. Hori lortzeko aginte britainiarraren, EOKAren eta komunisten aurkako erasoak burutu zituzten[69].

Karamanlis (Greziako Lehen Ministroa) eta Menderes (Turkiako Lehen Ministroa) Züricheko bileran (1959ko otsailaren 10a).

Uharteak gerra zibil baten atarian zirudien, greko-zipretarren eta turko-zipretarren arteko liskarrak areagotzen ari baitziren. Hori zela eta, Greziak eta Turkiak gatazkan bete-betean sartu eta konponbide bat bilatzea adostu zuten. Lehen aldiz bi herrialdeek independentzia kontzeptua mahaigaineratu zuten eta britainiarrek bidea ireki zioten Zipreko Errepublika sortzeari[70]. 1959. urtean britainiar, greziar eta turkiar ordezkariak elkartu ziren Zürich eta Londres hirietan, tartean zipretarren Makarios III.a eta Fazıl Küçük[71]. Bertan hiru akordio nagusi adostu zituzten, Zipreko konstituzioaren oinarri izango zirenak: Berme Ituna, Aliantza Ituna eta Ezarpen Ituna[72][73].

Albistea eszeptizismo handiz hartu zuten Zipreko herritarrek. Greziar gehienek independentzia eskertu zuten, nahiz eta etorkizunean ez zuten Enosisa lortzeko aukera baztertzen. Turkiarrek, aldiz, errezelo handiagoz hartu zuten albistea, errepublika berrian greziarrek uhartearen kontrola hartuko zutela iruditzen baitzitzaien. Hala eta guztiz ere, albistea ontzat hartu zuten zipretarrek[72].

Uharteak 1960ko abuztuaren 16an lortu zuen independentzia eta Britainia Handiak Akrotiri eta Dhekelia eremuen kontrola mantendu zuen[71].

Zipreko Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko historia modernoa»
Zipreko banaketa etnikoa 1960an.

1960ko konstituzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko konstituzioa»

Zipre estatu burujabe bihurtzearekin batera konstituzio berria indarrean jarri zen 1960ko abuztuaren 16an. Hain zuzen, Züricheko eta Londreseko Akordioetan adostutako hiru itunak izan ziren konstituzioa sortzeko oinarri nagusi. Zipre, horien arabera, inguruko inongo herrialderekin bat egiten ez zuen errepublika zen (Enosisa eta Taksima debekatuta gelditu ziren), baina Erresuma Batuak Akrotiri eta Dhekelia eremuen kontrola mantenduko zuen. Greziak eta Turkiak ere indar militarrak uhartean izateko baimena jaso zuten, betiere adostutako indarren arteko oreka gordetzen bazuten. Gainera, boterea bi komunitate nagusien artean banatzen saiatu ziren[17][73]:

  • Presidentea beti greziarra izango zen eta greko-zipretar herritarrek aukeratuko zuten; presidenteordea, aldiz, turkiarra izango zen eta aukeraketa turko-zipretarren esku geldituko zen.
  • Gobernu-kabinetea hamar kidek osatuko zuten: zazpi presidenteak aukeratuko zituen eta hiru presidenteordeak. Erabakiak gehiengo osoz hartuko ziren, baina presidenteak eta presidenteordeak beto eskubidea izango zuten.
  • Ordezkarien Etxea 50 lagunek osatuko zuten zazpi-hiruko ratioa mantenduz (35-15), eta komunitate bakoitzak bere ordezkariak aukeratuko zituen sufragio unibertsalaren bitartez. Eskubideak edo zergak ezartzen zituen edozein legek bozketan parte hartuko zuten bi ordezkari taldeen gehiengo soila beharko zuen aurrera ateratzeko, greziarren gehiengo soila eta turkiarren gehiengo soila. Gainontzeko gaiak eta legedia ezartzeko (defentsa, kanpo-politika edota barne-segurtasuna), aldiz, nahikoa izango zen Ordezkarien Etxeko gehiengo osoa.
  • Justizia sistema, azkenik, Konstituzio Auzitegi Gorenak gobernatuko zuen. Auzitegia hiru epailek osatuko zuten: greko-zipretar batek, turko-zipretar batek eta herrialde neutral bateko epaile batek.

Bestalde, batzar bananduak osatzea adostu zuten, erlijio, kultura eta hezkuntza arloetan komunitate bakoitzak bere herritarren gaineko erabakiak har zitzan. 1960ko hamarkadaren hasieran uharteko biztanleen banaketa hurrengoa zea: %77 greziarrak ziren, %18 turkiarrak eta gainontzeko %4a beste herri batzuk osatzen zuten (batik bat, maronitek, latinoek eta armeniarrek)[26]. Azken talde horiek greko-zipretarrekin batera parte hartuko zuten sistema berrian[73].

Fazıl Küçük (1963).

Independentziaren aurretik ospatu ziren lehenengo hauteskundeak, uztailaren 31n. Horietan Glafkos Kliridisen Fronte Patriotikoak 30 eserleku lortu zituen, Fazıl Küçüken Zipreko Turkiarren Batasun Nazionalak 15, eta Ezekias Papaioannouren AKEL komunistak 5. Abuztuaren 16an Makarios III.a aukeratu zuten lehenengo presidente; presidenteorde, aldiz, Fazıl Küçük[71][74].

Makarios III.a, Zipreko lehen presidentea (1962).

Dena den, bakeak denbora gutxi iraungo zuen gobernuan (eta kalean). Herrialde jaioberriaren antolaketak elkarlana bultzatuko zuela zirudien arren, buruhauste ugari ekarri zituen eta komunitateen arteko liskarrak piztu ziren. Eztabaidagai nagusiak zergak eta udalerrien eraketa izan ziren[75]. Udalerrien kasuan greziarrak eta turkiarrak ez ziren ados jartzen. Uhartean greko-zipretarrak baino bizi ez ziren 392 herri zeuden, turko-zipretarrak soilik bizi ziren 117, eta bi herritarrak nahastuta zeuden 114. Azken horietan agertu zen desadostasuna: turkiarrek herri mistoetan udalerri bereiziak sortzea eskatzen zuten; greziarrek, aldiz, udalerri bakarra sortzea[76]. Zergei zegokienez, aldiz, nahiz eta turkiarrak zipretarren %18 izan, zergen %6 baino ez zuten ordaintzen (greko-zipretarrek %94) eta gobernuko lanpostuen %30 eta segurtasun nazionalekoen %40 euren esku zeuden. Greziarrek banaketa orekatzeko aldaketak proposatzen zituzten. Hala, presidentearen eta presidenteordearen betoek egoera korapilatu zuten eta estatu-politikaren blokeoa gertatu zen[77].

1963–1964ko krisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korapiloa askatzeko saiakerek porrot egin zuten. Beraz, 1963ko azaroan Makarios presidenteak gobernuaren blokeoari irtenbidea emateko 13 puntuko proposamena utzi zuen Konstituzio Auzitegi Goreneko hiru epaileen esku. Proposamen horien artean, konstituzioaren berrikuspena eskatzen zuten puntuak zeuden, hala nola, presidentearen eta presidenteordearen beto eskubidearekin bukatzea[76]. Aldaketek Nazio Batuen Erakundearen babesa izango zutela uste arren, epaileek eta turko-zipretarrek plana atzera bota zuten (nahiz eta aurrerago proposamena eztabaidatzeko prest agertu)[78][79]. Giroa berriro nahasten hasiko zen[18].

1963ko abenduaren 21ean borrokak piztu ziren Nikosia hiriburuan eta handik gutxira uharte osora zabaldu ziren[80]. Makarios presidenteak eta Küçük presidenteordeak herritarrak lasaitzeko adierazpenak egin zituzten, baina alferrikakoak izan ziren. Komunitateen arteko istiluak larriak izaten hasi ziren. Uhartean zeuden Turkiako soldaduak mobilizatu eta Nikosia iparraldera eta turko-zipretarren herrietara joan ziren; Greziako soldaduak ere greko-zipretarrak bizi ziren eremuetan kokatu ziren. Egoera okertzen hasi zenez, abenduaren 27an presidenteak Berme Itunean parte hartu zuten indarrei (Erresuma Batua, Grezia eta Turkia) dei egin zien laguntza eske eta Su-etenaren Indar Bateratua sortu zuten. Indarrak uhartean zehar zabaldu ziren eta egoera kontrolatzen hasi ziren. Hala ere, 1964ko martxora arte iraun zuten liskarren ondorioz, 364 turko-zipretar eta 174 greko-zipretar hil ziren eta zenbait herritar lekualdatzera behartu zituzten[81]; zehazki, euren eskualdeetan gutxiengo ziren 25.000 turkiar Zipren sortutako enklabeetara eraman zituzten herri-liskarretatik babesteko asmoz, baita 1.200 armeniar eta 500 greziar ere[82][83]. Gainera, hiriburua bitan zatitzea erabaki zuten greziarrak eta turkiarrak banatzeko: abenduaren 30ean Marra Berdea ezarri zen[80].

     Turkiar enklabeak     Akrotiri eta Dekhelia

Liskarrek gobernuaren behin-betiko kolapsoa ekarri zuten[8]. Gaur egun ez da argi zer gertatu zen politikarien artean: Zipreko greziarrek errua turkiarrei egotzi zieten, elkarbanatzen zuten gobernua administrazio propio bat sortzeko eta azken batean Taksima gauzatzeko utzi zutela esanez; turkiarrek, aldiz, greziarrek gobernua uztera behartu zituztela argudiatu zuten, greko-zipretarrek Akritas Plana jarraitzen zutela eta euren benetako helburua (Enosisa) gauzatzeko oztoporik ez izateko kanporatu zituztela[84]. Nolanahi ere, turkiarren dimisioaren ondoren sortu zen eta greziarrek bakarrik osatzen zuten Zipreko Errepublikako gobernu berria legitimotzat hartu zuen 1964ko otsailean Nazio Batuen Erakundearen baitako batzordeak eta herritarrak babesteko bake-indarrak bidaltzea erabaki zuen. 1964ko martxoaren 4ko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 186. Ebazpenaren bidez Zipren Bakea Mantentzeko Nazio Batuen Indarra (UNFICYP) sortu zen[80][85]. Hala eta guztiz ere, banaketa etnikoarekin eta enklabeen sorrerarekin batera bi komunitateen arteko arrakala betikotuko zen[84].

Bake saiakera antzuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bakegintzarako bitartekari bat izendatzeko eskatu zion U Thant idazkari nagusiari[80]. Alde guztiekin kontsultatu ondoren, idazkari nagusiak Sakari Tuomioja finlandiar diplomazialaria aukeratu zuen saiakera egiteko. Tuomiojak nazioarteko arazoa zela adierazi eta zentzuzko irtenbidea Enosisa gauzatzea zela iritzi zuen. Hala ere, finlandiarrak ez zuen Ziprek Greziarekin bat egitearen aldeko adierazpenik egin, desegokia iruditu zitzaiolako NBEko ofiziala izanda kide baten desagerpenaren aldeko aldarrikapena egitea[86].

Abuztuan Tuomioja bat-batean hil ondoren, NBEk Galo Plaza ekuadortarrarekin beste saiakera bat egitea erabaki zuen[87]. Bitartekariak 1965eko martxoan txosten bat aurkeztu zuen, zeinetan bi aldeak kritikatzen zituen akordio batera iristeko konpromiso faltagatik. Adostasunak lortu nahi izanez gero, greziarrek eskatzen zuten berehalako Enosisa eta turkiarren irtenbide banandua alde batera utzi behar zirela defendatzen zuen[88]. Greko-zipretarrek txostenaren ondorioak onartu zituzten, baina turko-zipretarrek Plazari lehenbailehen uko egiteko eskatu zioten, bere karguari ez zegozkion ardurak hartu zituelakoan. Giroak gaiztotzen jarraitu zuen eta NBEk bitartekaritza-lanak bertan behera utzi behar izan zituen; Plazak amore eman zuen eta bere postua ez zuen beste inork hartu[89].

AEBek ere bakea lortzeko euren ekimen propioa aurkeztu zuten 1964an. Ekainaren hasieran Turkiak esku hartzeko mehatxu egin ostean, Dean Acheson estatu-idazkari ohiak Zipre Greziarekin batzeko plan bat argitaratu zuen. Proposamena onartzearen truke, Turkiak hainbat onura jasoko zituen. Hala ere, orduan ere bi aldeek kontra egin zuten[80].

Greko-zipretarren eta turko-zipretarren arteko liskarrek eragindako kalteak Nikosian (1969).

1966ko martxoan beste saiakera bat egin zuen Zipreko idazkari nagusiaren ordezkari berezia zen Carlos Bernadesek. Proposamenak egin ordez, elkarrizketa zuzenaren bidez akordio bat adostera animatu zituen bi aldeak. Garai hartako Greziako egoera politikoak, baina, ez zuen lagundu Bernadesen helburua betetzen[89].

Uhartearen banaketa: Taksima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Zipreko estatu-kolpea» eta «Zipreko turkiar inbasioa»

1967ko apirilaren 21ean estatu-kolpe bat gertatu zen Grezian[90]. Eskuin muturreko junta militarrak bereganatu zuen boterea eta CIAren babesarekin agenda ultra-nazionalista jarri zuen martxan[91]. Horrek arrakalak sortu zituen greko-zipretarren artean. Greziako Juntako ezkutuko buruzagia zen Dimitrios Ioannidisek presioa egin zion Makarios III.ari Enosisa lehenbailehen aldarrika zezan; hala ere, presidentea ez zegoen adierazpen hori egitearen alde. Ez zuen Zipre diktadura militarraren mende utzi nahi eta herritarren arteko borroken eta turkiar inbasioaren beldur zen[92].

Cyprus Airwaysen 284 hegaldiaren ezbeharrarekin batera[93][94], uharteko giroak berriro egin zuen okerrera. George Grivas, Guardia Nazionalaren komandantea eta EOKAko buruzagi ohia, turko-zipretar enklabeen ingurua patruilatzen hasi zen Makariosen aginduen kontra eginez. Mugimendu horrek turkiarren erreakzioa ekarri zuen eta azaroaren 15ean berriro liskarrak sortu ziren. Grivasen indarrek 26 turko-zipretar hil zituzten[80]. Turkiako Errepublikaren erantzuna berehalakoa izan zen: Grivas uhartetik kanporatu, Greziako soldadu gehienak erretiratu eta turko-zipretar enklabeen kontrako blokeoa kendu ezean, Turkia indarrez sartuko zen uhartean. Herrialdeak interbentziorako prest zirudien eta indar greko-zipretarrak bonbardatzeari ekin zion. Beraz, Makariosek ultimatuma onartzea erabaki zuen eta, era berean, Guardia Nazionaleko tropak murriztu eta Zipreren independentziaren aldeko beste indar bat sortu zuen[80].

Georgios Grivas EOKA B talde armatuaren sortzailea.

Atzerakada abagune aproposa iruditu zitzaien turko-zipretarrei eta euren behin-behineko administrazioa aldarrikatu zuten 1967ko abenduaren 27an[95]. Makariosek berehala legez kanpokotzat jo zuen administrazio berria, hala ere, bere ahultasunak aldaketa ekarriko zuen gatazka ikusteko modura. Artzapezpikua, gobernuko gainerako kideekin batera, onartzen hasia zen turko-zipretarrek nolabaiteko autonomia politikoa izan beharko zutela eta uhartea Greziarekin bateratzea momentuz ezinezkoa izango zela[96]. Bien bitartean, Greziako junta militarra urduritzen hasia zen. Arrakasta nazionalistak behar zituen etxeko gobernua eta herritarren babesa mantentzeko, eta Zipreko presidentea ez zeukaten laguntzeko prest. Makariosi komunisten jarraitzaile izatea egotzi zioten eta bera eta bere gobernuaren kontrako ekintzak martxan jartzea erabaki zuten[97]. CIAren eta junta militarraren laguntzari esker, George Grivas ezkutuan bueltatu zen uhartera 1971. urtean eta EOKA B talde armatu ultra-nazionalista sortu zuen[98]. 1971. eta 1974. urteen artean talde paramilitarrak Zipreko gobernua kanporatzeko bost plan prestatuko zituen, tartean presidentearen kontrako hilketa saiakerak[99][100]. Dena den, ekintzek porrot egin zuten.

1974ko urtarrilean Grivas bihotzekoak jota hil zen eta EOKA B taldea Greziako Juntaren esku gelditu zen zuzenean[101][102]. Luzamenduetan ibili gabe, urte bereko uztailaren 15ean, Greziako Juntak eta Zipreko Guardia Nazionalak estatu-kolpea eman zuten. Matxinoek arrakasta izan zuten. Erasoetan 300 bat greko-zipretar hil zituzten eta Nikos Sampson izendatu zuten presidente berri[97]; Makariosek britainiarren laguntzari esker ihes egitea lortu zuen. Greziak uhartearen kontrola bereganatu bezain laster, Turkiaren erantzuna iritsi zen: junta militarrari Sampson kanporatzeko, indar armatuak uhartetik ateratzeko eta Zipreko independentzia onartzeko eskatu zion[98]. Eskariek ezezko erantzuna izan zuten eta bitartekaritza saiakera orok ere huts egin zuen. Berme Itunean adostutakoa aitzakiatzat hartuz, Turkiak egoera nahasian esku hartzea erabaki zuen[96].

Bülent Ecevit lehen ministroak, koalizioko gobernuaren babesarekin batera, Turkiako armada bidali zuen Ziprera uztailaren 20an. Uhartearen inbasioa hasi zen. Lehenengo fasean erasoen arrakasta mugatua izan zen: bi egunetan turkiarrek Kirenia Nikosiarekin lotzea lortu zuten (uhartearen %3)[103]. Bien bitartean, greziar indarren erantzuna turko-zipretarren hegoaldeko guneak okupatzen hastea izan zen. Baina, inbasioak istilu politikoak eragin zituen Grezian[103]; junta militarra kolapsatu eta Konstantinos Karamanlis politikariaren gobernu zibilak ordezkatu zuen uztailaren 23an[104]. Azken horrek Nikos Sampson berehala kargugabetzea eskatu zuen eta Zipren militarki esku hartzeari uko egin zion[98].

1974an uhartea bi zatitan banatuta gelditu zen:     Zipreko Errepublika     Ipar Zipreko Turkiar Errepublika

Bi aldeek su-etena adostu zuten uztailaren 23an. Akordioa ez zen indarrean jarri lurralde osoan, Greziako egoera politikoa oso nahasia zenez turkiar indarrek aurrera pausoak ematen jarraitzeko baliatu baitzuten. Hala ere, uztailaren amaieran bakea lortzeko elkarrizketak hasi ziren Genevan. Greziako, Turkiako eta Erresuma Batuko ordezkariak elkartu ziren bertan. Bakoitzak bere interesak sutsuki defendatzen zituen eta ez ziren gai adostasunetara iristeko. Azkenean, Turkiak abuztuaren 14an mehatxu egitea erabaki zuen: Greziak Zipren estatu federal burujabe bat onartu ezean, erasoak aurrera jarraituko zuen. Aurkeztu zuten estatu federal horretan, gainera, turko-zipretarrek (biztanlerian %18 eta lurraldearen %10aren jabe zirenak) uharteko lurren %34 jasoko zuten. Greziarren laguntza militarrik gabe greko-zipretarren indarrak inoiz baino ahulago zeuden eta Glafkos Kliridis ordezkariak 36-48 orduko epea eskatu zuen Greziako eta Zipreko gobernuekin kontsultatzeko. Turkiak Kliridisen eskakizuna ez onartzea erabaki zuen eta ordu gutxiren buruan inbasioaren bigarren fasea jarri zuen abian[98][105].

Nazioarteko gainontzeko ordezkariek (tartean britainiarrek eta estatubatuarrek) ez zuten begi onez ikusi turkiarren mugimendua. Turkiak hasieratik elkarrizketak eten nahi izan zituela adierazi zuten eta ezbaian jarri zuten herrialde horren asmo ona. Hala ere, ez zuten erasoari kontra egiteko erabakirik hartu. Bestalde, Zipreko Gobernua baliabiderik gabe zegoen. Greziak gatazkan ez zuela militarki parte hartuko esana zuen, eta defendatzeko nahikoa indar ez zutenez, iparraldea babesgabe gelditu zen. Bigarren erasoaldiak izugarrizko arrakasta izan zuen turkiarrentzat eta hiru egunen buruan uhartearen %36,2ren kontrola izatera pasa ziren[5]. Su-etena hala moduz sinatu zuten 1974ko abuztuaren 16an eta bi aldeen arteko eremua Nazio Batuen administrazioaren agindupean gelditu zen.

1974ko gertakizunek milaka biktima eragin zituzten. Zipreko Gobernuak 200.000 errefuxiatu inguru eman zirela jakinarazi zuen, horietatik 180.000-160.000 inguru turkiarrek iparraldean indarrez hartutako lurretan bizi ziren greko-zipretarrak[7][100]. Biztanle horiek turkiarrek bereganatutako lurraldeen biztanleriaren %82 osatzen zuten[6]. Aipatzekoa da Famagusta hiriaren kasua; 1974ko erroldaren arabera, greziarrak 26.500 ziren (%68) eta turkiarrak 8.500 (%21)[106]. Hala eta guztiz ere, turkiarrek euren etxeak hustera eta hegoaldera alde egitera behartu zituzten. Gertakizunak garbiketa etnikoaren adibidetzat jotzen dira[107][108][109]. Gainontzeko errefuxiatuak, aldiz, turko-zipretarrak izan ziren[110]. Hain zuzen, 1975. urtean Nazio Batuen Erakundeak laguntza eskaini zien hegoaldean gelditu ziren turkiarrei nahi izanez gero iparraldean kokatzeko; 51.000 inguruk eskaintza onartu eta turkiarrek okupatutako lurretara joan ziren bizitzera[111][112].

Famagusta hiriko Varosha auzoaren egungo irudia. 1970eko hamarkadako Zipreko turismo-gune garrantzitsuena zen, baina turkiar inbasioaren ondorioz greko-zipretar jabeek bertatik alde egin behar izan zuten; abandonatuta dago gaur egun.

Hala, Turkiaren inbasioa uhartearen banaketarekin amaitu zen, Taksnimarekin. Iparraldean Turko-zipretar Administrazio Autonomoa sortu zen bitartean, hegoaldean Zipreko Errepublikak iraun zuen, nazioarteko babesa jaso zuena[98].

Bateratze saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo saiakerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1974an Zipreren banaketa gertatu zenetik uhartea bateratzeko saiakera ugari egin dira, horien artean nabarmenenak Nazio Batuen Erakundearen eskutik iritsi direnak.

Lehenengo urteetan Kurt Waldheim idazkari nagusiak bi egitasmo eraman zituen aurrera gatazka konpontzeko. 1975. urtekoa izan zen korapiloa askatzetik gertuen izan zena eta zipretarren bi ordezkariak (Makarios greko-zipretarren aldetik eta Rauf Denktaş turko-zipretarrenetik) lau puntuko akordioa sinatzera ere iritsi ziren 1977ko otsailaren 22an[113][114]. Dena den, Makariosen heriotzak adostasuna bertan behera utzi zuen urte bereko abuztuaren 3an[115].

NBEko idazkari nagusi berriak, Javier Pérez de Cuéllarek berriro ekin zion uhartea bateratzeko beste saiakera bati. 1983ko maiatzean Nazio Batuen Batzar Nagusiak Zipreko okupazio indar guztiak erretiratzea eskatzen zuen ebazpen bat onartu zuen, turko-zipretarrak haserre bizian jarri zituena. Hala eta guztiz ere, abuztuan Pérez de Cuéllarrek bi aldeek onartu zuten proposamen multzo bat aurkeztu zuen[116]. Akordioak gertu zirudien unean, ezegonkortasun politikoa iritsi zen Turkiako Errepublikara. 1983ko azaroan ospatu ziren hauteskundeek giroa nahasi zuten herrialdean eta turko-zipretarrek egoera baliatzea erabaki zuten[117]. 1983ko azaroaren 15ean independentzia aldarrikatu eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublika sortu zuten[66]. Egun gutxiren buruan iritsi zen nazioarteko erantzuna: Segurtasun Kontseiluaren 541. eta 550. ebazpenen arabera, NBEk argi utzi zuen estatu berria ez zuela onartuko eta erabaki horrek akordio batera iristeko ahaleginak eten zituela adierazi zuen[118][119]. Idazkari nagusiaren eskutik beste bi elkarrizketa multzo martxan jarri baziren ere (1984ko irailean eta 1988ko abuztuan), bi aldeen arteko konfiantza hondatuta zegoen[116][120].

UNFICYPeko tropak Akrotirin (1977).

1989an Zipreko Errepublikako Georgios Vasiliou presidenteak Europako Ekonomia Erkidegoarekin bat egiteko asmoa iragarri zuen. Albistea ez zen turkiarren gogokoa izan, Turkiak ere 1987an egin baitzuen eskaera[121]. Hala eta guztiz ere, 1990eko uztailaren 4an uharteak batasunaren parte izateko eskaera formala egitea erabaki zuen[122]. Errepresalia moduan, Turkiak eta Ipar Ziprek deklarazio bateratu bat sinatu zuten, beraien arteko pasaporteen kontrolak ezeztatu eta aduana-batasuna ezartzeko. Egoera korapilatzen ari zen eta nazioarteko beste protagonista batzuk ere agertzen hasi ziren (EEE). Javier Pérez de Cuéllarrek irtenbide baten bila jarraitu zuen bere azken urteetan[123], hala ere, elkarrizketek ez zuten inongo lorpenik izango.

Boutros Boutros-Ghalik ere ez zuen aurrerapausorik lortuko bere saiakeretan. NBEko idazkari nagusiak lehenik bi aldeen arteko konfiantza sustatu behar zela uste zuen eta egoera bideratzeko zortzi neurri proposatu zituen; horien artean, uharteko indar militarrak murriztea, Varoshak NBEren zuzeneko kontrola izatea, bi aldeen arteko harremanen murrizketak arintzea, uharte osoan errolda bat egitea eta konponbide bati buruzko bideragarritasun-azterketak egitea[124]. Greko-zipretarren presidente berria, Glafkos Kliridis neurri horiek onartzeko prest agertu bazen ere, Rauf Denktaşek berriro ere ezezkoa eman zuen. 1994ko ekainean, bestalde, Korfun (Grezia) ospatu zen Europar Kontseiluan, batzordeak ofizialki berretsi zuen Zipre batasunaren hurrengo zabaltze-fasean sartuko zela[122].

Bestalde, 1996ko abenduan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epai historikoa eman zuen: Turkia Zipren potentzia okupatzailea zela adierazi zuen. Titina Loizidou Kireniako errefuxiatuaren kasuan (Loizidou Turkiaren aurka), Turkiak Loizidou andreari bere jabetzaren kontrola legez kanpo ukatu ziola adierazi zuen auzitegiak eta jabetzaren erabileraren galera konpentsatzeko, Turkiak andreari 825.000 USD ordaindu beharko zizkiola erabaki zuen[125][126]. Hasiera batean herrialdeak zigorrari muzin egitea erabaki zuen arren[127], 2003an epaia onartu eta milioi bat USD ordaindu zizkion Loizidou andreari[128]. Kasuak bidea urratu zuen eta hurrengo urteetan beste errefuxiatu batzuek ere salaketak aurkeztuko zituzten[129].

Turkiar soldaduen kontrolpeko lurraldeen muga zaintzen duten kartelak (2009).

1996-97ko liskarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogei urteko elkarrizketen ondoren, hasieratik bezain urrun zirudien akordio batek. Hala ere, bateratze baten oinarrizko parametroak nazioartean adostuta zeuden: Zipre bi zatitan banatutako federazioa izango zen. Halaber, irtenbide bat espero zen honako arazo hauei aurre egiteko: konstituzio aldaketak, lurralde banaketak, inbasio aurreko jabeei lurrak itzultzea edo konpentsazio-ordainketak, lekualdatutako pertsonak itzultzea, Zipreren desmilitarizazioa, turkiar kolonoen legitimazioa eta bakea mantentzeko etorkizuneko konponketak[7].

Liskarrak 1996ko abuztuan iritsi ziren, greziar errefuxiatuak Zipreren okupazioaren aurkako protestak egiten hasi zirenean. Zipreko Motorzaleen Federazioak uhartearen banaketaren 22. urteurrena zela gogoratzeko "Motorzaleen martxa" izena hartu zuen ekintza antolatu zuen. Manifestazioaren asmoa Berlindik Kireniara bidea egitea zen eta horretarako motorzaleek muga modu baketsuan zeharkatu nahi zuten. Eskariak Turkiako indar militarrak Zipretik erabat erretiratzea eta errefuxiatuak euren etxeetara itzultzea ziren[130]. Hala ere, turkiarren erantzuna bortitza izan zen eta Otso grisek Tassos Isaak gaztea hil arte kolpatu zuten Nazio Batuen kontrolpeko lurraldean[131].

Heriotzak Zipreko gizartea astindu zuen. Hiletaren ondoren, abuztuaren 14an, protestak ugaritu ziren eta horietan beste ezbehar bat gertatu zen. Solomos Solomou gazteak Nazio Batuen kontrolpeko guneko muga zeharkatu zuen Turkiako bandera jaisteko asmoz eta horretan ari zela turkiar poliziak tiroz hil egin zuen. Solomou Tassos Isaaken lehengusua zen[132][133]. Zipreko Errepublikako agintariek ikerketa bat jarri zuten abian eta azken hilketaren errudun Kenan Akin eta Erdan Emanet jo zituen. Manifestazioetan turkiar indarrek bi britainiar soldaduren aurka ere tiro egin zuten.

Rauf Denktaşen irudia.

1997ak beste krisi baten hasiera markatu zuen, Zipreko Errepublikak errusiar fabrikazioko S-300 misil antiaereoen sistema erosteko asmoa zuela iragarri zuenean. Dena den, krisia 1998ko abenduan amaitu zen eta Zipreko Gobernuak misil horiek entregatzea erabaki zuen[134].

Egoerak okerrera egin zuen arren, 1997an Zipreko gatazkaren oinarrizko parametroak aldatu zirela ematen zuen. Hala, Europar Batasunak Zipreko Errepublikarekin bat egiteko hasi zituen negoziazioak akordio berri bat lortzeko katalizatzaile bihurtu ziren[3][122].

Kofi Annanen egitasmoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Annan Plana»

XXI. mendea behatzaileak ustekabean harrapatu zituen mugimendu batekin hasi zen. Rauf Denktaşek Glafkos Kliridisi aurrez aurreko bilera bat proposatzeko idatzi zion 2001eko azaroaren 8an. Eskaintza onartu eta 2001eko azaroan eta abenduan bi gizonen arteko zenbait bilera informal egin ziren[8]. 2002ko urtarrilaren 14an bake prozesu berri bat hasiko zen NBEren babespean.

Bi presidenteen hasierako helburua ekainaren hasierarako akordio batera iristea zen. Hala ere, elkarrizketak laster motelduko ziren. Geldialditik irteteko ahaleginean, Kofi Annan (NBEko idazkari nagusia) uhartera joan eta bi buruzagiekin elkartu zen behin baino gehiagotan. Akordio batera iristeko etengabeko ezintasunaren ondorioz, Segurtasun Kontseiluak idazkari nagusiari eskatu zion bi aldeei konponketa-eredu bat aurkezteko[8]. Azkenean, 2002ko azaroaren 11n, Annanek NBEko bake planaren jatorrizko bertsioa aurkeztu zuen; proposamen hori izango zen etorkizuneko negoziazioen oinarri[135].

Egitasmoa hainbat aldiz berrikusi ondoren, 2003an elkarrizketak kolapsatu ziren Rauf Denktaş plana herritarren botoaren mende jartzearen kontra agertu zenean[8].

Handik hilabetera, 2003ko apirilaren 16an, Ziprek Europar Batasunera Atxikitzeko Ituna sinatu zuen Atenasen[136][137]. Denbora agortzen ari zen, uhartea EBean sartu baino lehenago eman baitzitzaion irtenbidea gatazkari. Recep Tayyip Erdoğan Turkiako lehen ministroaren eta Kofi Annanen arteko bilera ondoren, bateratze saiakerarekin aurrera jarraitzea erabaki zen. Annanen planaren V. proposamena iritsi zen azkenean[135]:

Zipreko Errepublika Baturako Annan Planak proposatutako bandera.
  • Zipreko Errepublika Zipreko Errepublika Batua bihurtuko zen eta bi estatu kidek osatutako federazio malgua izango zen. Iparraldeko turko-zipretar estatuak uhartearen %28,5 hartuko zuen; hegoaldeko greko-zipretarrak, aldiz, gainontzeko %71,5.
  • Alde bakoitzak bere parlamentua izango zuen, baina maila federalean bi egongo ziren: Senatua (greziarrek eta turkiarrek 24na ordezkari izango zituzten) eta Ordezkarien Etxea (48 ordezkariak proportzioan aukeratuko ziren, herritarren banaketaren arabera; hala ere, bakoitzak gutxienez 12 ordezkari izango zituen).
  • Botere betearazleko presidentea greko-zipretarren eta turko-zipretarren artean txandakatuko zen, baina komunitate bakoitzak legedi osoari betoa jartzeko eskubidea izango zuen.

Adostasunak gertu zirudien, baina planaren elementu eztabaidagarrienetako bat jabetzari buruzkoa zen. 1974ko Turkiaren inbasio militarrean, greko-zipretar askok euren ondasunak turkiarren esku utzi behar izan zituzten (iparraldeko lurren %90 greko-zipretarrenak ziren) eta errefuxiatuek euren jabetzak itzultzea eskatzen zuten[138]. Turko-zipretarrek 1974 aurreko egoera berrezartzea ezinezkoa zela argudiatzen zuten, adostutako bi estatuko federazioarekin bateraezina zela. Annan Plana iritzi kontrajarriak gerturatzen saiatu bazen ere (esate baterako, Morfou eta Famagusta hiriak greko-zipretarrei bueltatzea proposatzen zen), bi komunitateetan amore emateko prest ez zeuden herritar ugari agertu ziren[135]. Gatazka sortzen zuten beste auzi batzuk militarren presentzia eta turkiar kolonoen egoera ziren. Uhartea desmilitarizatzeko akordioa adostu bazen ere, turko-zipretarrek euren segurtasuna bermatzeko turkiarren presentzia militarra ezinbestekoa zela uste zuten. Greko-zipretarrak, aldiz, kexu ziren ez zelako turkiar kolonoen aurkako erabakirik hartzen. Izan ere, kolono horien kopurua zehaztea arazotsua den arren (datuen arabera, 40.000 eta 150.000 artean)[139], Turkiatik iritsitako herritarrak nazioarteko zuzenbidearen aurka zeudela salatu zuten greziarrek, uhartearen banaketa etnikoa desitxuratzen zutela, eta Annan Planak ez zuela horien gaineko irtenbiderik proposatzen[8]. Bitartekariek aintzat hartu zituzten greko-zipretarren kezkak, baina auzi horren inguruko erabaki bat hartzea legalki eta moralki arazotsua zela uste zuten (kolono horietako asko uhartean jaio eta hazi ziren zipretarrak ziren)[3][25].

Turkieraz «Zein pozik dagoen Turkiarra naiz dioena» goiburua eta Ipar Zipreko bandera erraldoia Kirenia mendikatean; iparraldeko ikuspegia Nikosiatik (2015).

Azkenean, planarekin aurrera jarraitzeko erabakia herritarren esku utzi zen. 2004ko apirilaren 24an erreferenduma izan zen uhartean. Turko-zipretarrek plana babestu zuten bitartean (%64,91k planaren alde egin zuen), greko-zipretarrek ezezko biribila eman zioten (%75,83k kontra egin zuen)[8]. Astebete beranduago, 2004ko maiatzaren 1ean, Zipre Europar Batasunean sartu zen[3][122].

Gaur egungo egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annan Planaz geroztik gatazka impasse egoeran dago. Arazoari konponbidea bilatzeko nazioarteko eta Zipreko ordezkariek saiakerak egin dituzten arren, aurrerapauso gutxi eman da azken urteotan. Noizean behin, gainera, iritzi edo gertaera baten ondorioz istiluak sortzen dira gobernuen artean.

Zipre Bateratzeko erreferendumaren porrotaren ostean, 2004ko maiatzaren 1ean Zipreko Errepublika Europar Batasuneko kide bihurtu zen; Ipar Zipreko Turkiar Errepublikaren esku dagoen uhartearen iparraldeko zatia, aldiz, EBren jurisdikziotik at gelditu zen. Egoera bideratu nahian, Kofi Annanek greko-zipretar ordezkariei akordioa hobetzeko aldaketen zerrenda bat egiteko eskatu zien. Tassos Papadopoulos presidenteak zerrenda publikoki argitaratzea negoziazioetarako kaltegarria izango zela adierazi zuen, baina elkarrizketak mantentzeko asmoa berretsi zuen[140].

Uhartea bateratzeko itxaropena lausotu zen arren, erreferenduma inflexio-puntua izan zen Zipreko gatazkan. Ordezkarien artean adostasun handiak lortu ziren eta herritarrak muturreko jarrerak alde batera uzten hasi ziren. Hala, borroka nazionalista eta defentsa militarraren beharra apaldu zen; esate baterako, nahitaezko soldaduskaren aurkako intsumisioa nabarmen igo zen greko-zipretarren artean[20].

Dimitris Jristofias.

2008. urtean Papadopoulosek presidente-hauteskundeak galdu zituen eta AKEL alderdiko Dimitris Jristofias komunista izendatu zuten Zipreko Errepublikako presidente berri. Aldaketak gatazka konpontzeko akordioei mesede egingo ziela zirudien eta berehala hasi ziren bi aldeen arteko elkarrizketak[3]. Zipreko turkiarren Mehmet Ali Talat presidenteak eta Jristofiasek 2008. urtean bertan jarri zituzten abian negoziazioak eta apirilaren 3an Nikosiako Ledra kaleko muga ireki zuten[141][142]. 1960ko hamarkadako istiluetatik banatuta egon zen hiriburuak pasabidea zuen. Hurrengo urteetan uharte osoan zehar muga igarotzeko bide gehiago irekiko ziren; zortzigarrena eta bederatzigarrena (eta oraingoz azkenekoak) 2018ko azaroaren 12an ireki ziren Deryneian eta Lefka-Aplikin[143].

Ledra kaleko pasabidea ireki zen eguna (Nikosia, 2008ko apirilaren 3a).

Egoera hobetzen ari zela zirudienean, Jristofiasen eta Talaten arteko harremana 2009aren atarian hoztu zen. Gatazka Zipreko Errepublika bere ekonomia-eremu esklusiboan gas esplorazioak egiten hasi zenean piztu zen. Turkia Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioa sinatu ez zuen herrialdeetako bat izan zen eta esplorazioak egiten ari ziren itsas eremuak turkiarrenak zirela aldarrikatu zuen[144]. Herrialde gehienak zipretarren alde azaldu baziren ere, Ipar Zipreko Turkiar Errepublikako presidenteak Turkiaren aldeko adierazpenak egin zituen eta, ondorioz, bi presidenteen arteko harremanak okerrera egin zuen[145].

2010eko urtarrilaren 31n Ban Ki-moon idazkari nagusia Ziprera joan zen ordezkarien arteko giroa zein zen neurtzera[146]. Turko-zipretarren presidente berriak, Derviş Eroğluk uhartea bateratzeko elkarrizketak oztopatuko zituela ematen zuen, hala ere, bere iritzia aldatu eta estatu federal baten aldeko apostua egingo zuela adierazi zuen[147]. Hurrengo urteetan hainbat bilera antolatuko ziren korapiloa askatzen laguntzeko. 2014ko otsailaren 11n, azkenean, Zipreko Errepublikako Nikos Anastasiadis presidenteak eta Derviş Eroğluk adierazpen bateratua aurkeztu zuten. Bertan etorkizunean abiapuntutzat hartzeko asmo oneko zazpi puntu adostu zituzten, besteak beste, Europar Batasunaren, Greziaren eta Turkiaren babesa izan zutenak[148].

Greko-zipretarren Andreas Mavroyiannis eta turko-zipretarren Kudret Özersay ordezkarien arteko bilerak 2014ko otsailaren 14an hasi ziren. Konponbidea ekarriko zuten elkarrizketek, baina, porrot egin zuten hiru urte luzeren ostean, 2017an Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoğanek turkiar tropak Zipretik ez zituela aterako iragarri zuenean[24]. Nazio Batuen Erakundeko António Guterres idazkari nagusi berriak elkarrizketekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi zuen eta Jane Holl Lute estatubatuarra izendatu zuen aholkulari[149][150]. Nikos Anastasiadisekin eta Mustafa Akıncırekin elkartu ondoren, Greziako, Turkiako eta Erresuma Batuko ordezkariekin ere bildu zen. Alde guztiak akordiotik urrun zeudela egiaztatu zuen.

2020ko otsailean turko-zipretarren presidenteak The Guardian egunkarian Turkian hautsak harrotu zituen adierazpenak egin zituen. Mustafa Akıncıren ustez, Zipre bateratzeko ahaleginak indartu behar ziren, hori egin ezean, Errusiak Krimearekin egin zuen moduan Turkiak gutxinaka Ipar Zipreko Turkiar Errepublika irentsiko zuelako[151]. Gertaera hori, gainera, turko-zipretarrentzat txarra izango zela adierazi zuen. Turkiako presidenteordeak Fuat Oktayk hitz horiek gaitzetsi zituen[152]. Azkenean, 2020ko Ipar Zipreko presidente-hauteskundeetan Akıncık presidentetza galdu zuen bi estatuen irtenbidearen aldeko Ersin Tatarren aurka[153].

Horrenbestez, uhartea bateratzeko hiru saiakera egin dira 2004tik eta denek porrot egin dute. Azken saiakera 2021ean jarri zuen berriro abian António Guterresek[24]. Gatazkan zeresana daukaten aldeekin bildu ostean, Guterres itxaropentsu agertu zen irtenbidea lortzeko. Hala ere, bi aldeen helburuak urrun dirudite: Europar Batasunak, Greziak eta Ziprek bi eremu eta bi erakunde dituen federazioa (herrialde bakarra) defendatzen dute; Turkiak eta Ipar Ziprek, aldiz, ez dute uste aterki federal baten pean bi komunitateak sartzeko modurik dagoenik eta haien proposamena bi estatu egitekoa da[12][24][154].

Feridun Sinirlioğlu eta Andreas Mavroyiannis ordezkarien arteko bilera Ankaran (2014).

Gatazka konpontzeko proposamenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreko komunitateen arteko liskarrak konpontzeko eta gatazkari irtenbide politikoa emateko saiakera ugari egin dira. Horien artean nabarmenenak Nazio Batuen Erakundearen eskutik iritsi dira[11].

Lehenengo ahaleginak 1963-64ko liskarren ondoren iritsi ziren. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bakegintzarako bitartekari bat izendatzeko eskatu zion U Thanti eta idazkari nagusiak, alde guztiekin kontsultatu ondoren, Sakari Tuomioja diplomazialaria aukeratu zuen[80]. Tuomiojak nazioarteko arazoa zela adierazi eta zentzuzko irtenbidea Enosisa gauzatzea zela iritzi zuen. Hala ere, finlandiarrak ez zuen Ziprek Greziarekin bat egitearen aldeko adierazpenik egin, desegokia iruditu zitzaiolako NBEko ofiziala izanda kide baten desagerpenaren aldeko aldarrikapena egitea[86]. Diplomazialariaren bat-bateko heriotzaren ondotik, Galo Plaza ekuadortarrak[88], Zipreko idazkari nagusiaren ordezkari berezia zen Carlos Bernadesek eta AEBek ere beste saiakera batzuk egin zituzten[80]. Dena den, garai hartako egoera politikoak ez zuen lagundu akordioa erdiesten.

1974ko turkiar inbasioaren ondoren, Nazio Batuen Erakundea indar handiagoz saiatu da greko-zipretarren eta turko-zipretarren artean bakea lortzen eta uhartea bateratzen[2]. Hala, erakundeko idazkari nagusi guztiek, Kurt Waldheim austriarrarekin hasi eta António Guterres arte, euren proposamena aurkeztu dute konponbidea lortzeko, baina denek porrot egin dute. Helburua lortzeko gertuen izan zen proposamena Annan Plana izan zen[1].

Hain zuzen, 2001eko azaroaren 8an, Rauf Denktaş eta Glafkos Kliridis presidenteen arteko elkarrizketak geldialditik irteteko ahaleginean, Segurtasun Kontseiluak Kofi Annan idazkari nagusiari eskatu zion bi aldeei konponketa-eredu bat aurkezteko. 2002ko azaroaren 11n, Annanek NBEko bake planaren jatorrizko bertsioa aurkeztu zuen; proposamen hori izango zen etorkizuneko negoziazioen oinarri[8]. Azkenean, adostasun handiena lortu zuen Annan Planaren V. proposamena iritsi zen[135]:

  • Zipreko Errepublika Zipreko Errepublika Batua bihurtuko zen eta bi estatu kidek osatutako federazio malgua izango zen. Iparraldeko turko-zipretar estatuak uhartearen %28,5 hartuko zuen; hegoaldeko greko-zipretarrak, aldiz, gainontzeko %71,5.
Ledra kaleko pasabidea Nikosian (2012).
  • Alde bakoitzak bere parlamentua izango zuen, baina maila federalean bi egongo ziren: Senatua (greziarrek eta turkiarrek 24na ordezkari izango zituzten) eta Ordezkarien Etxea (48 ordezkariak proportzioan aukeratuko ziren, herritarren banaketaren arabera; hala ere, bakoitzak gutxienez 12 ordezkari izango zituen).
  • Botere betearazleko presidentea greko-zipretarren eta turko-zipretarren artean txandakatuko zen, baina komunitate bakoitzak legedi osoari betoa jartzeko eskubidea izango zuen.

Akordioak gertu zirudien arren, ez zen auzi korapilatsuenen gaineko erabakirik adostea lortu: greko-zipretar errefuxiatuen eskubideak, turkiar militarren presentzia, turkiar kolonoen legitimazioa... Beraz, planarekin aurrera jarraitu ahal izateko erabakia herritarren esku uztea erabaki zuten. 2004ko apirilaren 24an erreferenduma izan zen uhartean; turko-zipretarrek plana babestu zuten bitartean (%64,91k planaren alde egin zuen), greko-zipretarrek ezezko biribila eman zioten (%75,83k kontra egin zuen)[3].

Uhartea bateratzeko beste hiru saiakera egin dira 2004tik eta denek porrot egin dute. Azken saiakera 2021ean jarri zuen abian António Guterresek. Gatazkan zeresana daukaten aldeekin bildu ostean, Guterres itxaropentsu agertu zen irtenbidea lortzeko[149]. Hala ere, bi aldeen helburuak urrun dirudite: Europar Batasunak, Greziak eta Ziprek bi eremu eta bi erakunde dituen federazioa (herrialde bakarra) defendatzen dute; Turkiak eta Ipar Ziprek, aldiz, ez dute uste aterki federal baten pean bi komunitateak sartzeko modurik dagoenik eta haien proposamena bi estatu egitekoa da[24].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g Urrutikoetxea, Urtzi (2014.02.23). "Zipre, independentzia eta 'enosis'-a". Berria. 2021.08.12
  2. a b c Urrutikoetxea, Urtzi (2016.11.27). "Zipre, ezin batasuna lortu". Berria. 2021.08.12
  3. a b c d e f Beloki, E. eta J.P. Massias (2009). "Euskal Herriko lurralde gatazka: europar aukera zehazteko bidean". Jakin aldizkarian, 175. zbk., 89-114. or. (Zipreri buruzko zatia: 105-110. or.) 2022.03.30
  4. a b c (Ingelesez) Amin, Bayes Rascheed (2021.05.11). "Cyprus conflict: How could be Resolved and Reunified?". Modern Diplomacy. 2021.08.12
  5. a b c (Ingelesez) Kyritsi, T. eta Nikolaos Christofis (2018). "Cypriot Nationalisms in Context: History, Identity and Politics". Palgrave Macmillan. (Zipreri buruzko zatia: 12. or.) ISBN 978-3-31997-803-1
  6. a b c d (Ingelesez) Zipreko Errepublikako Kanpo-harremanetako Ministerioa (2005.02.22). "Memorandum by the Ministry of Foreign Affairs of the Republic of Cyprus regarding the Foreign Affairs Committee of the United Kingdom Parliament Report on Cyprus". 2021.08.12
  7. a b c d e f (Ingelesez) Chan, Sewell (2016.11.07). "Cyprus: Why One of the World’s Most Intractable Conflicts Continues". The New York Times. 2021.08.12
  8. a b c d e f g h i j (Ingelesez) Asmussen, Jan (2004). "Cyprus after the failure of the Annan-Plan". European Centre of Minority Issues (ECMI). 2022.03.18
  9. a b (Ingelesez) Milano, Enrico (2006). "Unlawful Territorial Situations in International Law: Reconciling Effectiveness, Legality And Legitimacy". Martinus Nijhoff Publishers. (Zipreri buruzko zatia: 146. or.) ISBN 978-9-00414-939-7
  10. (Ingelesez) Gill, Terry. D. (2016). "Yearbook of International Humanitarian Law (18. zbk., 2015)". Springer. (Zipreri buruzko zatia: 58. or.) ISBN 978-9-46265-141-8
  11. a b (Ingelesez) Palley, Claire (2006). "An International relations debacle: the UN secretary-general's mission of good offices in Cyprus: 1999 – 2004". Oxford: Hart Publ. ISBN 1-84113-578-X
  12. a b Aperribai, Julen (2021). "Zipre batzeko elkarrizketek huts egin dutela aitortu du NBEk". Berria. 2021.08.15
  13. (Ingelesez) Mallinson, W. eta B. Mallinson (2005). "Cyprus: a modern history". I.B.Tauris. (Zipreri buruzko zatia: 10. or.) ISBN 978-1-85043-580-8
  14. a b (Ingelesez) "Enosis". Britannica. 2021.08.17
  15. a b Garcia, Adrian (2016.06.09). "Zipre batzeko negoziazioak «azkartuko» dituzte, bake ituna aurten adosteko asmoz". Berria. 2021.08.17
  16. (Ingelesez) "Züricheko eta Londreseko Akordioak". Embargoed. 2021.08.17
  17. a b (Ingelesez) "Zipreko Konstituzioa". Constitute Project. 2021.08.17
  18. a b (Ingelesez) Psomiades, Harry J. (1965). "The Cyprus Dispute". Current History aldizkarian, 48. lbk., 285. zbk., 269-276. or.
  19. Iruretagoiena, Hodei (2016.10.22). "'Bake garaian' ere, militarizatuena". Berria. 2022.04.01
  20. a b (Ingelesez) Efthymiou, Stratis (2019). "Nationalism, militarism and masculinity in post-conflict Cyprus". Palgrave Macmillan. ISBN 978-3-03014-702-0
  21. (Ingelesez) "Cypriot Armed Forces". Armed Forces. 2021.08.19
  22. (Ingelesez) "Cyprus Critical Issues III: The British Sovereign Base Areas". Fergus Murray. 2021.08.23
  23. (Ingelesez) "UNFICYP Fact sheet - United Nations Peacekeeping Force in Cyprus". UNFICYP. 2021.08.23
  24. a b c d e Aperribai, Julen (2021.04.28). "Zipre batzeko negoziazioak berriz hasi dituzte Suitzan, NBEren bitartekaritzarekin". Berria. 2021.08.09
  25. a b Urrutikoetxea, Igor (2013.01.27). "Zipre: estatu txiki baten erronka handiak". Gara. 2021.08.09
  26. a b c (Ingelesez) Hadjilyra, Alexander-Michael (2009). "The Armenians of Cyprus". Kalaydjian Foundation. (Demografiari buruzko datuak: 21. or.) 2022.04.01
  27. (Ingelesez) İnalcık, Halil (1991). "The Status of the Greek Orthodox Patriarch under the Ottomans". Turcica aldizkarian, 23. lbk, 407-436. or. 2022.03.29
  28. (Ingelesez) "Archaeologists find oldest evidence of Late Stone Age settlement on Cyprus". Science Daily. 2021.08.11
  29. (Ingelesez) "Choirokoitia". UNESCO World Heritage Centre. 2021.08.11
  30. (Ingelesez) Thomas, C.G. eta C. Conant (2005). "The Trojan War". Greenwood Publishing Group. ISBN 978-0-31332-526-7
  31. a b c d e (Ingelesez) "Ancient Cyprus". World History. 2021.08.11
  32. (Ingelesez) Duhoux, Yves (2009). "Eteocypriot and Cypro-Minoan". Kadmos - De Gruyter. ISSN 0022-7498
  33. (Ingelesez) "Eteocypriot". Multitree. 2021.08.11
  34. (Ingelesez) Strange, John (1980). "Caphtor/Keftiu : a new investigation". Leiden: Brill. (Zipreri buruzko zatia: 167. or.) ISBN 978-9-00406-256-6
  35. (Ingelesez) Gjerstad, Einar (1979). "The Phoenician Colonization and Expansion in Cyprus". Report of the Department of Antiquities Cyprus. 230-254 or.
  36. (Ingelesez) di Cesnola, Luigi Palma (1877, 2015). "Cyprus: It's Ancient Cities, Tombs, and Temples". Cambridge University Press. (Sergius Paulus prokontsulari buruzko zatia: 229. or.) ISBN 978-1-13994-072-6
  37. a b (Ingelesez) Cobham, Claude Delaval (1908). "Excerpta Cypria". Cambridge University Press. ISBN 978-1-50427-936-9
  38. (Frantsesez) Flori, Jean (1999). "Richard Coeur de Lion: le roi-chevalier". Paris: Biographie Payot. ISBN 978-2-22889-272-8
  39. (Ingelesez) Luke, Harry (1975). "The Kingdom of Cyprus, 1369—1489". Setton, K. M. eta H. W. Hazard autoreen "A History of the Crusades, The Fourteenth and Fifteenth Centuries" liburuan, 361-395. or. University of Wisconsin Press. ISBN 978-1-34382-637-3
  40. (Ingelesez) Hill, George (1952). "A History of Cyprus, Volume 4: The Ottoman Province. The British Colony, 1571–1948". Cambridge University Press. ISBN 978-0-51175-173-8
  41. (Ingelesez) Jennings, Ronald C. (1993). "Christians and Muslims in Ottoman Cyprus and the Mediterranean world, 1571–1640". New York: New York University Press. ISBN 978-0-81474-181-8
  42. (Ingelesez) Gazioglu, Ahmet C. (1990). "The Turks in Cyprus: A province of the Ottoman Empire (1571–1878)". Londres: Rustem & Bro. ISBN 978-9-96356-513-9
  43. (Ingelesez) Koumoulides, John (1974). "Cyprus and the war of Greek Independence, 1821–1829". Londres: Zeno. ISBN 978-0-90083-482-0
  44. (Ingelesez) Katsiaounis, Rolandos (1996). "Labour, society and politics in Cyprus during the second half of the 19th century". Nikosia: Cyprus Research Centre. ISBN 978-9-96308-034-2
  45. a b (Ingelesez) Solsten, Eric (1991). "Cyprus: A country study". Federal Research Division. ISBN 978-0-84440-752-4. 2022.04.03
  46. a b c d e f g (Ingelesez) Ioannides, Christos P. (2019). "Cyprus under British Colonial Rule: Culture, Politics, and the Movement toward Union with Greece, 1878-1954". Lexington Books. ISBN 978-1-49858-202-5
  47. (Ingelesez) Varnava, Andrekos (2017). "British Imperialism in Cyprus, 1878-1915". Manchester University Press. (1878ko abuztuaren 7ko The Times egunkarian jasoa). ISBN 978-1-52611-873-8
  48. a b c (Ingelesez) Hughes-Wilson, John (2018.11.18). "Cyprus in World War I". 2021.09.06
  49. (Ingelesez) "1915: Greece Declines Cyprus Offer" (1915.10.23). International Herald Tribune. 2021.09.03
  50. (Ingelesez) Abbott, George Frederick (2008). "Greece and the Allies 1914–1922". Londres: Methuen & co. ISBN 978-0-55439-462-6
  51. (Ingelesez) Xypolia, Ilia (2017). "British Imperialism and Turkish Nationalism in Cyprus, 1923-1939. Divide, Define and Rule". Londres: Routledge. ISBN 978-1-13822-129-1
  52. (Ingelesez) Filippidou, Anastasia (2019.11.05). "The Impact of Forced Top-Down Nation Building on Conflict Resolution: Lessons from the 1923 Compulsory Population Exchange between Greece and Turkey". Nationalities Papers, 48. zbk., 144–157. or. 2022.04.04
  53. (Ingelesez) Kostis, Kostas (2018). "History's Spoiled Children The Story of Modern Greece" (Jacob Moe itzultzailea). Oxford: Oxford University Press. ISBN 978-0-19084-641-1
  54. a b c d e f (Ingelesez) "Cyprus Colony". The British Empire. 2021.09.06
  55. a b (Ingelesez) Hakki, Murat Metin (2007). "The Cyprus issue: a documentary history, 1878-2007". Bloomsbury. ISBN 978-1-35017-271-5
  56. (Ingelesez) Klapsis, Antonis (2008). "The Quest for Enosis: The visit of the Greek Cypriot Deputation to London in October–November 1929. A view from the Greek archives". Neapolis University. 2021.09.15
  57. a b c d (Ingelesez) Varnava, Andrekos (2021). "Assassination in Colonial Cyprus in 1934 and the Origins of EOKA". Anthem Press. ISBN 978-1-78527-552-4
  58. (Ingelesez) "England sends troops to end Cyprus revolt" (1931.10.23). St. Petersburg Times. 2021.09.03
  59. (Ingelesez) "Cyprus" (1931.11.12). Commons and Lords Hansard, 259. zbk. 2021.09.03
  60. (Ingelesez) "Cyprus" (1930.07.02). Commons and Lords Hansard, 240. zbk. 2021.09.03
  61. (Ingelesez) "Cyprus" (1930.07.07). Commons and Lords Hansard, 241. zbk. 2021.09.03
  62. "Britain won't cede Cyprus to Greece; 'Strong Representations' Made to Sophoulis and Tsaldaris on King Paul's Proposal" (1948.08.02). The New York Times. 2022.01.12
  63. (Ingelesez) Gumrukcu, T. eta M. Kambas (2017.02.22). "Cyprus reunification stalled in row over 1950 vote". Reuters. 2021.09.15
  64. (Ingelesez) "Archbishop Makarios Deported from Cyprus". History Today. 2022.01.12
  65. (Ingelesez) Xydis, Stephen G. (1968). "The UN General Assembly as instrument of Greek policy: Cyprus, 1954-58". The Journal of Conflict Resolution aldizkarian, 12. bil, 2. zbk.
  66. a b (Ingelesez) Dodd, Clement H. (1993). "Cyprus: A Historical Introduction". Autore beraren "The Political, Social, and Economic Development of Northern Cyprus" lanaren barruan. Palgrave MacMillan. ISBN 978-0-90671-918-3
  67. (Ingelesez) French, David (2015). "Fighting EOKA: The British Counter-Insurgency Campaign on Cyprus, 1955-1959". Oxford University Press. ISBN 978-0-19872-934-1
  68. (Ingelesez) Novo, Andrew R. (2010). "On all fronts: EOKA and the Cyprus insurgency, 1955-1959". Oxford University.
  69. (Ingelesez) Holland, Robert (1998). "Britain and the Revolt in Cyprus, 1954–1959". Oxford: Clarendon Press. ISBN 978-0-19820-538-8
  70. (Ingelesez) Wallace, P. W. eta A. G. Orphanides (2007). "Sources for the History of Cyprus, vols I - XV (Albany, NY, Greece and Cyprus Research Center)". University of Albany. ISBN 978-9-96375-621-2
  71. a b c (Ingelesez) "1959: Makarios elected president of Cyprus" (1959.12.14). BBC. 2021.09.16
  72. a b (Ingelesez) Durrell, Lawrence (1957). "Bitter Lemons of Cyprus". Londres: Faber. ISBN 978-0-57106-186-9
  73. a b c (Ingelesez) "Documents relating to the founding of Cyprus, including the Treaty of Guarantee, 1959". Kypros. 2021.09.16
  74. (Frantsesez) "Proclamation de l'indépendance de Chypre". Perspective Monde. 2021.09.16
  75. (Ingelesez) Faustmann, Hubert (2001). "Cyprus 1957-1963 From Colonial Conflict to Constitutional Crisis". Diana Weston Markides autorearen "Mediterranean and East European Monographs VIII" liburuan. University of Minnesota. (Likarrei buruzko zatia: 238. or.) ISSN 1057-3941
  76. a b (Ingelesez) Ker-Lindsay, James (2011). "The Cyprus Problem: What Everyone Needs to Know". Oxford University Press. (Liskarrei buruzko atala: 18. or.) ISBN 978-0-19983-135-7
  77. (Ingelesez) Hoffmeister, Frank (2006). "Legal aspects of the Cyprus problem: Annan Plan and EU accession". EMartinus Nijhoff Publishers. ISBN 978-9-00415-223-6
  78. (Ingelesez) Göktepe, Ci̇hat (2003). "British Foreign Policy Towards Turkey, 1959-1965". Psychology Press. (Zipreri buruzko atala: 130. or.) ISBN 978-0-71465-396-9
  79. (Ingelesez) Richter, Heinz (2010). "A Concise History of Modern Cyprus, 1878-2009". Verlag Franz Philipp Rutzen. (Zipreri buruzko atala: 115. or.) ISBN 978-3-93864-653-3
  80. a b c d e f g h i (Ingelesez) Solsten, Eric (1993). "Cyprus: a country study". Federal Research Division, Library of Congress. ISBN 978-0-84440-752-4
  81. (Ingelesez) Oberling, Pierre (1982). "The road to Bellapais". Social Science Monographs. (Liskarrei buruzko atala: 120. or.: "According to official records, 364 Turkish Cypriots and 174 Greek Cypriots were killed during the 1963–1964 crisis.") ISBN 978-0-88033-000-8
  82. (Ingelesez) Hoffmeister, Frank (2006). "Legal aspects of the Cyprus problem: Annan Plan and EU accession". EMartinus Nijhoff Publishers. (Errefuxiatuei buruzko atala: 17–20. or.) ISBN 978-9-00415-223-6
  83. (Ingelesez) O'Neill, J. T. eta N. Rees (2006). "United Nations peacekeeping in the post-Cold War era". Routledge. (Zipreri buruzko atala: 81. or.) ISBN 978-1-13575-454-9
  84. a b (Ingelesez) Hazou, Elias (2013.12.22). "1963 is still a historical minefield". Cyprus Mail. 2022.01.28
  85. (Ingelesez)(Frantsesez) "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 186. Ebazpena: Zipreko auzia" (1964.03.04) (PDF). Nazio Batuen Erakundea. 2021.10.21
  86. a b (Ingelesez) Crawford, Timothy W. (2003). "Pivotal Deterrence. Third-Party Statecraft and the Pursuit of Peace". Cornell University Press. (Zipreri buruzko atala: 115. or.) ISBN 978-0-80144-097-7
  87. (Ingelesez) "Sakari Tuomioja, U.N. Mediator In Cyprus Dispute, Dead at 53; Finnish Envoy Also Served as ‘Presence’ in Laos —Was Banking Expert" (1964.09.11). The New York Times. 2022.01.28
  88. a b (Ingelesez) Plaza, Galo (1965). "Galo Plaza Report (1965) - Summary". Zipreko Gobernua - Prentsa eta Informazio Bulegoa. 2022.01.28
  89. a b (Ingelesez) Varnava, Marilena (2020). "Cyprus Before 1974: The Prelude to Crisis". I.B. Tauris. ISBN 978-1-78831-544-9
  90. (Ingelesez) Clogg, Richard (2002) [1992]. "A Concise History of Greece" (Bigarren ed.). Cambridge eta New York: Cambridge University Press. ISBN 978-0-52100-479-4
  91. (Ingelesez) Ganser, Daniele (2004). "NATO's Secret Armies: Operation GLADIO and Terrorism in Western Europe". Routledge. ISBN 978-0-71468-500-7
  92. (Ingelesez) Fitchett, Joseph (1977.08.04). "Makarios: Cypriot Nationalism Incarnate". The Washington Post". 2022.01.28
  93. (Ingelesez) Higgs, Douglas Geoffrey (1982). "Explosives sabotage and its investigation in civil aircraft". Journal of Occupational Accidents: Elsevier Ltd. (Zipreri buruzko atala: 249–258. or.)
  94. (Ingelesez) "Aviation Safety Network G-ARCO occurrence synopsis". Aviation Safety Network. 2021.10.21
  95. (Ingelesez) Göktepe, Cihat (2005). "The Cyprus Crisis of 1967 and its Effects on Turkey's Foreign Relations". "Middle Eastern Studies" liburuan, 41. libk., 3. zk., 431-444. or. Taylor & Francis, Ltd.
  96. a b (Ingelesez) Coşkun, Yasin (2018). "The Beginning of a New Era in the Cyprus Problem after the 1967 Crisis: The Inter-Communal Talks". "History Studies" aldizkarian, 10. libk., 9. zk. Journal of History Studies
  97. a b (Ingelesez) "Big Troubles over a Small Island" (1974.07.29). The Time. 2022.04.07
  98. a b c d e (Ingelesez) Drousiotis, Makarios (2006). "Cyprus 1974: Greek Coup and Turkish Invasion". Bibliopolis. ISBN 978-3-93392-576-3
  99. (Ingelesez) Mayes, Stanley (1981). "Makarios: A Biography". The Macmillan Press Ltd. (Hilketa saiakerei buruzko atala: 228. or.) ISBN 978-1-34916-500-1
  100. a b (Ingelesez) Rudolph Jr., Joseph R. (2008). "Hot Spot: North America and Europe". Greenwood Press. (Hilketa saiakerei buruzko atala: 41. or.) ISBN 978-0-31333-621-8
  101. (Ingelesez) "Cyprus: The Survivor" (1972.02.28). The Times. 2022.04.07
  102. (Ingelesez) "Makariosen eskutitza Ghizikis jeneralari" (1974.07.02). Greek-American Weekly Newspaper. 2022.02.12
  103. a b (Grezieraz) "Η Τουρκική Εισβολή στην Κύπρο": "Σ’ αυτό το χρονικό σημείο, οι Τούρκοι ελέγχουν το 3% του Κυπριακού εδάφους, έχοντας δημιουργήσει ένα προγεφύρωμα, που συνδέει την Κερύνεια με τον τουρκοκυπριακό θύλακο της Λευκωσίας. [Une horretan, turkiarrek Zipreko lurraldearen %3 kontrolatzea lortu zuten eta horrekin batera zubi bat sortu zuten Kirenia turko-zipretarren Nikosiako enklabearekin lotzen zuena.]". Sansimera. 2022.02.15
  104. (Ingelesez) Kassimeris, Jristos (2008). "Greek Response to the Cyprus Invasion". "Small Wars and Insurgencies" liburuan, 19. libk., 2. zk., 256–273. or. Routledge. ISBN 978-1-13894-167-0
  105. (Ingelesez) Dodd, Clement (2010). "The History and Politics of the Cyprus Conflict". Palgrave MacMillan. (Inbasioari buruzko atala: 119. or.) ISBN 978-0-23027-528-7
  106. (Ingelesez) Mirbagheri, Farid (2009). "Historical Dictionary of Cyprus". Scarecrow Press. (Datuak: 63. or.) ISBN 978-0-81086-298-2
  107. (Ingelesez) Carpenter, Ted Galen (2002). "Peace and Freedom: Foreign Policy for a Constitutional Republic". Cato Institute. ISBN 978-1-93086-534-1
  108. (Ingelesez) Sicilianos, Linos-Alexandre (2001). "The Prevention of Human Rights Violations (International Studies in Human Rights)". Springer. (Garbiketa etnikoari buruzko atala: 24. or.) ISBN 978-9-04111-672-7
  109. (Ingelesez) Alcock, Antony Evelyn (2000). "A history of the protection of regional cultural minorities in Europe: from the Edict of Nantes to the present day". Palgrave MacMillan. (Garbiketa etnikoari buruzko atala: 207. or.) ISBN 978-0-31223-556-7
  110. (Ingelesez) Rezun, Miron (2001). "Europe's nightmare: the struggle for Kosovo". Praeger. (Errefuxiatuei buruzko atala: 6. or.) ISBN 978-0-27597-072-7
  111. (Ingelesez) Borowiec, Andrew (2000). "Cyprus: a troubled island". Praeger. (Errefuxiatuei buruzko atala: 2. or.) ISBN 978-0-27596-533-4
  112. (Ingelesez) Mallinson, W. eta B. Mallinson (2005). "Cyprus: a modern history". I. B. Tauris. (Errefuxiatuei buruzko atala: 147. or.) ISBN 978-1-85043-580-8
  113. (Gaztelaniaz) "Exito de la «diplomacia sigilosa» en Chipre" (1977.02.16). El Pais. 2022.04.16
  114. (Ingelesez) Emerson, Michael eta Nathalie Tocci (2002). "Cyprus as Lighthouse of the East Mediterranean: Shaping Re-unification and EU Accession Together". CEPS. (Akordioari buruzko atala: 78. or.) ISBN 978-9-29079-377-5
  115. (Ingelesez) Rivlin, Benjamin eta Leon Gordenker (1993). "The Challenging Role of The UN Secretary-General". Greenwood. (Makariosi buruzko atala: 124-125. or.) ISBN 978-0-27594-466-7
  116. a b (Ingelesez) Sözen, Ahmet (2007). "The Cyprus Negotiations and the Basic Parameters: From the 1963 Inter-communal Negotiations to the Annan Plan". Department of International Relations - Eastern Mediterranean University. 2022.04.16
  117. (Ingelesez) Feroz, Ahmad (1984). "The Turkish Elections of 1983". Middle East Research and Information Project. 2022.03.16
  118. (Ingelesez) "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 541. Ebazpena" (1983.11.18). Nazio Batuen Erakundea. 2022.03.16
  119. (Ingelesez) "Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 550. Ebazpena" (1983.11.18). Nazio Batuen Erakundea. 2022.03.16
  120. (Ingelesez) Souter, David (1989). "The Cyprus conundrum: the challenge of the intercommunal talks". "Third World Quarterly" aldizkarian, 11. lbk., 2. zbk., 76-91. or. Taylor & Francis
  121. (Ingelesez) "About Turkey and the EU" (2007.09.27). Turkiako Errepublikako Enbaxada Londresen. 2022.03.16
  122. a b c d (Ingelesez) High Commission of Cyprus in the UK (2022.03.16). "Cyprus and the EU". 2022.04.16
  123. (Ingelesez) Crawshaw, Nancy (1984). "Cyprus: a failure in Western diplomacy". "The World Today" aldizkarian, 40. zbk., 2. zbk., 73-78. or. Royal Institute of International Affairs
  124. (Ingelesez) Bolukbasi, Suha (1995). "Boutros-Ghali's Cyprus Initiative in 1992: Why Did it Fail?". "Middle Eastern Studies" aldizkarian, 31. lbk., 3. zbk., 460-482. or. Taylor & Francis
  125. (Ingelesez) Spyridakis, Vasilios S. (2008-2009). "Loizidou v. Turkey and the Future of Property Compensation for Refugees in Cyprus and Beyond". Journal of Modern Hellenism, 25-26. zk. 129-156. or.
  126. (Ingelesez) "H54-1 - Loizidou against Turkey, Judgments of 18 December 1996 and 28 July 1998 Application of Article 54 of the ECHR". Europako Kontseilua. 2021.08.30
  127. (Ingelesez) "Turkey declines to pay damages to Greek Cypriot woman" (1998.10.28). BBC News. 2021.08.30
  128. (Ingelesez) "Turkey compensates Cyprus refugee" (2003.12.02). BBC News. 2021.08.30
  129. (Ingelesez) Hakki, Murat Metin (2010). "Property Wars in Cyprus". Ankara Bar Review. (Kasuei buruzko atala: 45. or. -The case has served as a precedent for dozens of cases that have been concluded in a similar fashion.-) 2021.08.30
  130. (Ingelesez) "Isaac-Solomou memorial procession" (2017). Cyprus Alive!. 2022.03.17
  131. (Ingelesez) "The demonstrations of 11 August 1996". Nazio Batuen Erakundea (1996.08.23). 2021.10.21
  132. (Ingelesez) "14th August 1996-Solomos Solomou was shot dead" (2021.08.14). Greek City Times. 2022.03.17
  133. (Ingelesez) Zaphiris, Panayiotis (1996). "UNFICYP: The Demostration of 14 August 1996". Hellenic Resources Network. 2022.03.17
  134. (Ingelesez) "Suspect in Murder of Cypriot Protester Proudly Poses Next to Erdogan" (2020.11.17). Parikiaki. 2022.03.17
  135. a b c d (Ingelesez) "Annan Planaren testua osorik" (2003.02.26) (PDF). Global Security. 2022.03.18
  136. (Ingelesez) "Treaty of Accession of the Czech Republic, Estonia, Cyprus, Latvia, Lithuania, Hungary, Malta, Poland, Slovenia and Slovakia (2003)". European Union Law. 2022.03.18
  137. (Ingelesez) "Athens Declaration - April 16th, 2003". Cosilium. 2022.03.18
  138. (Ingelesez) Dikomitis, Lisa (2004). "A moving field: Greek Cypriot refugees returning 'home'". Durham Anthropology Journal. 2022.03.20
  139. (Ingelesez) Ylimaki, Rose M. eta Stephen L. Jacobson (editoreak) (2011). "US and Cross-National Policies, Practices, and Preparation". Springer. (Zipreri buruzko atala: 84. or.) ISBN 978-9-40070-541-8
  140. (Ingelesez) Papadopoulos, Tassos (2004). "Letter dated 7 June 2004 from the Permanent Representative of Cyprus to the United Nations addressed to the Secretary General (A/58/835–S/2004/464)". Permanent Mission of the Republic of Cyprus to the United Nations. 2022.03.20
  141. (Gaztelaniaz) "El éxito de la reunión Christofias-Talat abre la senda para la reunificación de Chipre" (2008.03.22). Europa Press. 2022.03.20
  142. (Ingelesez) "Agreement on opening the Ledra Street crossing point in Nicosia" (2008.03.21). Federal Foreign Office. 2022.03.20
  143. (Ingelesez) "New crossings open at Dherynia and Lefka–Apliki" (2018.11.12). Cyprus Mail. 2022.03.20
  144. (Ingelesez) "Turkish trouble for Cyprus as gas exploration expands" (2019.06.21). Energy Voice. 2022.03.20
  145. (Gaztelaniaz) "Chipre acusa a Turquía de impedir las exploraciones de gas natural en el Mediterráneo Oriental" (2018.02.11). Europa Press. 2022.03.20
  146. (Ingelesez) Ki-moon, Ban (2010). "Report of the Secretary-General on his mission of good offices in Cyprus". UN Security Council. 2022.03.24
  147. (Ingelesez) "Ban calls on Turkish Cypriot leader to reach towards settlement" (2010.06.28). UN News. 2022.03.24
  148. (Ingelesez) Christou, Jean (2014.02.11). "Joint Declaration: final version as agreed between the two leaders". Cyprus Mail. 2022.03.24
  149. a b (Ingelesez) Lederer, Edith M. (2018.07.26). "UN urges rivals in Cyprus to engage with UN on peace talks". National Post. 2022.03.24
  150. (Ingelesez) "Nicosia has given the green light for Jane Holl Lute’s appointment by the UNSG, diplomatic source in New York says". Cyprus News Gazette. 2022.03.24
  151. (Ingelesez) Harding, Luke (2020.02.06). "Turkish Cypriot leader warns Cyprus is facing permanent partition". The Guardian. 2022.03.24
  152. (Ingelesez) "Ankara slams Turkish Cypriot leader for remarks, Akıncı backs his words" (2020.02.09). Hürriyet Daily News. 2022.03.24
  153. (Ingelesez) "Northern Cyprus: Right-wing nationalist Ersin Tatar elected president" (2020.10.19). BBC News. 2022.03.24
  154. "Zipren akordiorik gabe amaitu dituzte elkarrizketak" (2021.04.30). Berria. 2022.03.20

  • Anastasiou, Harry (2008). "The Broken Olive Branch: Nationalism, Ethnic Conflict and the Quest for Peace in Cyprus: The Impasse of Ethnonationalism". New York: Syracuse University Press. ISBN 978-0-8156-3196-5
  • Anastasiou, Harry (2009). "The Broken Olive Branch: Nationalism, Ethnic Conflict and the Quest for Peace in Cyprus: Nationalism versus Europeanization". New York: Syracuse University Press. ISBN 978-0-8156-3197-2
  • Brewin, Christopher (2000). "European Union and Cyprus". Eothen Press. ISBN 978-0-906719-24-4
  • Dodd, Clement (1998). "The Cyprus Imbroglio". The Eothen Press. ISBN 978-0-906719-21-3
  • Dodd, Clement, ed. (1999). "Cyprus: The Need for New Perspectives". The Eothen Press. ISBN 978-0-906719-23-7
  • Dodd, Clement (2010). "The History and Politics of the Cyprus Conflict". Palgrave Macmillan. ISBN 978-0-230-24211-1
  • Gibbons, Harry Scott (1997). "The Genocide Files". Charles Bravos Publishers. ISBN 978-0-9514464-2-3
  • Hannay, David (2005). "Cyprus: The Search for a Solution". I.B. Tauris. ISBN 978-1-85043-665-2
  • Hitchens, Christopher (1997). "Hostage to History: Cyprus from the Ottomans to Kissinger". Verso. ISBN 978-1-85984-189-1
  • Ker-Lindsay, James (2005). "EU Accession and UN Peacemaking in Cyprus". Palgrave Macmillan. ISBN 978-1-4039-9690-9
  • Ker-Lindsay, James (2011). "The Cyprus Problem: What everyone Needs to Know". Oxford University Press. ISBN 978-0-19-975715-2
  • Laouris, Yiannis (2011). "Masks of Demons". Createspace, Amazon. ISBN 978-1-4610-8320-7
  • Michael, Michalis S. (2009). "Resolving the Cyprus Conflict: Negotiating History". Palgrave Macmillan. ISBN 978-0-230-62002-5
  • Mirbagheri, Farid (1989). "Cyprus and International Peacemaking". Hurst. ISBN 978-1-85065-354-7
  • Nicolet, Claude (2001). "United States Policy Towards Cyprus, 1954–1974". Bibliopolis. ISBN 978-3-933925-20-6
  • Oberling, Pierre (1982). "The Road to Bellapais". Columbia University Press. ISBN 978-0-88033-000-8
  • O'Malley, Brendan eta Ian Craig (1999). "The Cyprus Conspiracy". I.B. Tauris. ISBN 978-1-86064-737-6
  • Palley, Claire (2005). "An International Relations Debacle: The UN Secretary-General's Mission of Good Offices in Cyprus, 1999–2004". Hart Publishing. ISBN 978-1-84113-578-6
  • Papadakis, Yiannis (2005). "Echoes from the Dead Zone: Across the Cyprus Divide". I.B. Tauris. ISBN 978-1-85043-428-3
  • Plumer, Aytug (2003). "Cyprus, 1963–64: The Fateful Years". Nikosia: Cyrep. ISBN 978-975-6912-18-8
  • Richmond, Oliver (1998). "Mediating in Cyprus". Frank Cass. ISBN 978-0-7146-4431-8
  • Richmond, Oliver eta James Ker-Lindsay (ed.) (2001). "The Work of the UN in Cyprus: Promoting Peace and Development". Palgrave Macmillan. ISBN 978-0-333-91271-3
  • Tocci, Nathalie (2004). "EU Accession Dynamics and Conflict Resolution: Catalysing Peace or Consolidating Partition in Cyprus?". Ashgate. ISBN 978-0-7546-4310-4
  • Winbladh, M.-L. (2020). "Adventures of an archaeologist. Memoirs of a museum curator". Londres: AKAKIA Publications. ISBN 978-1-91293-529-1

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]